850etik gora PCR proba egingo dituzte gaur

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 17a, 10:29

Lasai eta modu ordenatuan ari dira anbulatoriora joaten zarauztarrak, gehien-gehienak gazteak. Bihar eta etzi ere jarraituko dute probak egiten.

08:45ean hasi dira lehen PCR probak egiten anbulatorioan, eta dagoeneko 170 baino gehiago egin dituzte. Egun osoan egongo dira bertan eta, denera, 850 hitzordu eman dituzte gaurko. Goizeko lehen orduetan jende ilarak egon badira ere, dagoeneko tantaka iristen da jendea, eta ez dago pilaketarik. Proba egin dutenek SMS bidez jasoko dute emaitza, testa egin eta 24-48 ordu barru. Bien bitartean, etxetik ez ateratzeko eskatu diete.

Gazteak dira proba egiteko hitzordua hartu duten gehien-gehienak, izan ere, aurreko asteazkena eta igandea bitartean malekoiko parranda giroko tabernetan egondakoei zuzenduta zegoen deialdia. Proba egitera bertaratu den zarauztar batek HITZAri azaldu dio "tentsioa" nabari duela orokorrean, eta uste du "arduragabe jokatzearen" ondorio dela hau guztia. "Horrenbeste denbora etxean egon ondoren, gogotsu atera gara kalera, eta erlaxatuta ibili gara", azaldu du.

Informazio mahaiaz gain, bost mahai egokitu dituzte anbulatorio atzean probak egiteko, eta bertan egongo da dispositiboa bihar eta etzi ere. Proba bakoitzaren ostean, guztia desinfektatzeaz arduratzen dira osasun langileak, espazioa herritar guztientzat segurua izan dadin.