Eskerrik asko guztioi!
Ikaslagunen aritzen garenoi etorri zitzaigun stop egiteko beharra, pandemia gure artera azaldu zenean. Eskolak itxi zirenean, gure Ikaslaguneko gelak ere itxi egin genituen.
Baina, Zarauzko boluntarioak konfinamendu garai honetan ere zerbitzua ematen jarraitu izan dugu, aurretik lan horretan genbiltzanon eta gero elkartu garen guztion artean. Horrela pasa ditugu azken hilabete hauek eskolako lanak eta euskara landuz ikasle hauekin. Herriko ikastetxe guztietako ikasleak izan dira gurekin.
Berrogei boluntario inguru, adin guztietakoak -gazteak, asko- eta 40ren bat haur. Hori da elkar laguntzeko sortu den komunitatea. Gure arteko loturak ugaritu egin dira, kalean elkar agurtzen gara, lehen ezagutzen ez ginenak. Oraindik batzuek harremanetan jarraitzen dute; elkar zaintzaren adibide eder bat lortu dugula Zarautzen iruditzen zaigu.
Horregatik eskerrak ematea besterik ez zaigu gelditzen. Bai boluntarioei, bai familiei, ikastetxeei, AEKri, Familia-lagunak proiektuari, guraso elkarteei, eta baita laguntza eskaini diguten guztiei. Instituzioetatik, beharbada, ez da baloratzen bere neurrian herritarrok elkarrekin antolatzeko gai garen guztia. Zarauzko Udalarekin ez dugu elkarlanik egiteko aukerarik izan. Ea hurrengoan ekimen hauen garrantziaz jabetu, eta denon artean antolatzen saiatzen garen.
Dena den, gu pozik gaude egindakoarekin eta beste hitzik ez zaigu ateratzen: eskerrik asko, guztioi!!!