Zinema pilotalekuan jokatu ziren atzo Emakumeen XII. Pala Txapelketako partidak. Izatez Frontoi Txikin jokatzekoak baziren ere, segurtasuna bermatze aldera, frontoi itxian jokatu zituzten partidak, ikuslerik gabe.
Erabakita geratu zen finala. Finalerdi bana irabazita, Saioa Iraola-Maialen Manterola eta Ainhoa Lakuntza-Irati Tolosa bikoteak sailkatu dira lehia nagusirako. Beste bi bikoteek, Jone Iruretagoiena-Mireia Aizpuruk eta Garbiñe Tijero-Alaitz Badiolak, 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagoka jokatuko dute.
Bi partidak bihar izango dira, atzokoen moduan, Zinema pilotalekuan, 18:30ean, ikuslerik gabe.
Argazkiak: Zarautz Kirol Elkarteko Pilota Saila