Julian Ugarteren margolanen erakusketa, larunbatetik aurrera ikusgai Getarian

Mireia Galarza 2020ko uzt. 23a, 12:17
Asier Ugartek, Julian Ugarteren semeak, bere aitaren kuadroei buruz hitz egin du (Mireia Galarza)

Irailaren 13ra arte egongo dira Ugarteren sorkuntzak Getariako udalbatzar aretoko sarreran ikusgai. Margolariaren familiak "aitaren ilusioa" bete nahi izan du, eta erakusketako koadroetako bat oparituko dio Getariako Udalari. Bideoa, albistearen amaieran.

Mende erdia bete zen joan den urtean Elkanok mundu birari ekin zionetik, eta urteurrenaren harira, Julian Ugarte artista eta margolariaren erakusketa irekiko dute larunbat honetan Getariako pleno aretoko sarreran. Getariako Udala eta Mundubira 500 Elkano fundazioa mundu biraren inguruan antolatzen ari diren ekintzen artean kokatzen da erakusketa, eta irailaren 23ra arte egongo da zabalik 10:00etatik 20:00etara. Hala ere, ez da artista zarauztarrak Getarian bere sorkuntzak erakusten dituen lehen aldia. Izan ere, orain dela 25 urte izan zuten getariarrek Ugarteren margolanez gozatzeko parada. 

Orain, Julian Ugarte zendu zela bost urte pasa direnean, margolariaren familiak “aitaren ilusioa” bete nahi duela aitortu du Ugarteren semeak. Asier Ugartek dioenez, aitak betidanik nahi izan zuen Getariako herriari bere koadro bat oparitu eta leku publiko batean jartzea, eta horregatik erabaki zuten Getariako Udalarekin harremanetan jartzea. “Kontuan hartu behar da, amona getariarra izanik, aitarentzat oso berezia izan zela herri hori, eta horrenbestez, baita Elkano eta bere istorioa ere”, gaineratu du semeak. Erakusketa eta oparia aitari “omenaldi txiki” bat ere badela ere aitortu du Ugartek, eta eskertuta agertu dira Getariako Udalak emandako aukeraren aurrean. 

Haritz Alberdi Getariako alkateak aitortu duenez, beraientzat “ohorea” da Julian Ugarte bezalako artista baten margolanak herrian izatea. Hori dela eta, Getariako alkateak herritarrak gonbidatu nahi izan ditu udan zehar erakusketaz gozatzera. Alberdik dioenez, oraindik ez dute erabaki zein koadro hartuko duten, baina, ziurrenik, erakusketan bertan kaxa bat jarriko dutela aitortu du, herritarrek gehien gustatzen zaien margolana aukeratu dezaten. Aukeraketa burutzean, koadroa Getariako pleno aretoan jarriko dutela gaineratu du Alberdik.