Ainhoa Lakuntza-Irati Tolosa bikoteak irabazi du XII. Paleta Txapelketa

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 23a, 21:28

Azken emaitzak (30-13) bestelakoa irudikatzen badu ere, lehiakorra izan da benetan gaur arratsaldean jokatu den Emakumeen XII. Paleta Txapelketako finala. Ainhoa Lakuntza zizurkildarrak eta Irati Tolosa zarauztarrak lortu dute garailearen txapela, baina Saioa Iraola zarauztarrak eta Maialen Manterola aiarrak osatutako bikoak ez dizkie gauzak batere erraz utzi, eta azken unera arte borrokatu dute.

Partida nagusiaren aurretik, 3. eta 4. postuak erabakitzeko norgehiagoka izan da jokoan. Jone Iruretagoiena eta Mireia Aizpuru zarauztar gazteek eskarmentu handiko bikote bat izan dute aurrez aurre, Garbiñe Tijero hernaniarra eta Alaitz Badiola azpeitiarra, eta oraingo honetan, esperientzia gailendu da. Tijero-Badiola nagusitu dira 30-17ko emaitzarekin, Iruretagoiena-Aizpururen aurka.

Zinema pilotalekuan jokatu da, ateak publikoari itxita, baina parte-hartzaileen gertukoek bertaratzeko gonbidapen berezia izan dute. Era berean, bertan izan dira Zarauzko Udaleko Kiroletako zinegotzi Leire Arana eta Zarautz Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantes.