Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketako finalerako sailkatu da Urra

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 26a, 11:26
Urra, atzo, Beizamako finalerdian lanean (Argazkia: Ibon Errazu)

Mikel Lopetegi, Urra, zarauztarrak Xabier Peñagarikano, Peña, aizarnazabaldarra izango du aurrez aurre gaur zortzi Aian.

Hiru Hamarreko Harrijasotze Txapelketa iritsi da bukaerara, eta gaur zortzi izango da lehia horren finala. Aian nor baino nor ariko dira Mikel Lopetegi, Urra, zarauztarra eta Xabier Peñagarikano, Peña, aizarnazabaldarra. Horiekin batera lehiatuko da Urdax Magunazelaia ere.
 
Atzo Beizaman aritu ziren finalerako txartelaren bila Urdax eta Urra. 125 kiloko zilindroari hemezortzi jasoaldi, 125 kiloko kubikoari hamahiru altxaldi eta 125 kiloko bolari hamahiru jasoaldi egin zizkien Urdaxek; hau da, guztira 44 altxaldi egin zituen harri horiekin. Urrak, berriz, 42 aldiz altxatu zituen harriok: hogei aldiz zilindroa, hamalau aldiz kubikoa eta zortzi aldiz bola.
 
Bestalde, Emakumeen Harrijasotze Txapelketako lanak egin zituen atzokoan Karmele Gisasola, Zelai III.ak. Hark 63 kiloko zilindro zaharra hogei aldiz jaso zuen, 63 kiloko kubikoa bederatzi aldiz eta 63 kiloko bola hogei aldiz. 49 altxaldi egin zituen orotara, eta Aiako finalean izango da Zelai III.a ere. Harekin batera ariko dira lehian Virginia Finol eta Udane Ostolaza oriotarra.