'Izan Bidea' dinamika aurkeztu dute, bizikletaz herria zeharkatu ondoren

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 27a, 19:37

Sare Herritarraren dinamika berria da. Euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua eta "konponbidearen eta elkarbizitzaren aldarria" modu aktibo batean kalera ateratzea duela helburu adierazi du Garazi Mugertza dinamikaren antolatzaileak.

Euskal preso eta iheslarien alde, Sare Herritarrak dinamika berria jarri du martxan. Urruntze politikaren bukaera, preso gehienei ezartzen zaien lehen graduaren progresioa ahalbideratzea, eta gaixotasun larriak dituzten presoen etxeratzea dira Izan Bidea-ren bidez luzatzen dituzten aldarrikapenak. Herritarren parte hartzea sustatu nahi du dinamikak, oinez, bizikletaz edota igerian kilometroak eginez. Euskal Herriak duen biztanle kopurua kilometrotan egitea da helburua: 3.127.326. Mugikorretarako aplikazio bat jarri dute kontabilizazioa errazteko eta, dagoeneko, 200.000 kilometro baino gehiago egin dituzte.

Datozen bi urteetan luzatu nahi den dinamika dela adierazi du Garazi Mugertza antolatzaileak: "Preso eta iheslarien etxeratze prozesua eta, baita ere, konponbidearen eta elkarbizitzaren aldarria nolabait kalera atera nahi dugu modu aktibo batean. Norberari gehien gustatzen zaion ariketa eginez, aldarri honen baitan, kilometroak gehitzen joatea da helburua, pixkanaka".

"Ganix eta Gorkari ongi-etorria"

Duela astebete baino gehiago abiatu zuten beraien ibilbidea Ganix Gesalagak eta Gorka Arangurenek. Zortzi etapa burutu dituzte orotara, guztira 900 kilometro inguru eginez Herrialde Katalanetatik, Frantziatik eta, amaieran, Euskal Herritik barrena. Bizikletan ibiltzeko "zaletasuna" eta presoei "elkartasuna" uztartu dituzte: "Ekimen polita iruditzen zitzaigun aldarria beste toki batzuetan zabaltzeko eta gure ekarpentxoa egiteko; beste tokietan jakin dezaten hemen badagoela lana egiteko eta presoak etxeratzeko".

Uztailaren 27an heldu dira Zarautzera. Ongi-etorria emateko, eta bide batez dinamika aurkezteko baliatu dutela adierazi du Nagore Martinez antolatzaileak. Dozena bat lagun inguru elkartu dira goiko kanpinean 17:00etan. Herrian zehar itzuli bat eman dute, lagun gehiago bidera batzen joan dira eta 17:45 aldera Munoara gerturatu dira. Garazi Mugertzak eta Nagore Martinezek publikoki azaldu dute zertan datzan dinamika, eta, ondoren, argazki bat atera dute.

Datozen ekintzak

Astelehenekoa "hasiera besterik" ez dela izan adierazi dute antolatzaileek. Ekintza gehiago antolatu dituzte datozen egun eta asteetarako:

  • Uztailaren 31n, 19:45ean: Kontzentrazio ibiltaria (Duke Eneatik hasita)
  • Abuztuaren 2an: Etxerat elkarteak hondartzetan antolatuko duen ekitaldia

Bestalde, adierazi dute abuztuan zehar Sareren materiala saltzeko mahaia egongo dela herriko leku ezberdinetan.