"Oso pozik gaude aurtengo hirugarren Zarauzko Adarretatik Musika Jaialdiaren emaitzarekin.
Maila handiko musikari eta taldeak izan ditugu gure artean. Musikari denak aitortu ziguten aldez aurretik Zarautzera etortzeko gogo handia zutela eta zuzenean jotzeko irrikitan zeudela.
Lehenik, Modelo aretoan jazz musika estiloari ekin genion, UrbanEtniko Trioarekin, Jose Luis Canal, Blas Fernandez eta Raul Vera musikari apartekin. Bestalde, gainontzeko hiru taldeak, Munoa plazatik Udal Kiroldegira pasa behar izan genituen. Hertzainak taldeko Gari eta Maldanbera taldeak kontzertu bikaina eskaini ziguten. Anari taldearen emanaldia hunkigarria izan zen eta publiko aldetik sekulako erantzuna jaso genuen. Azkenik, Afrika Bibang eta Nomadak Bandarena oso alaia eta animatua izan zen.
Covid-19aren egoera konplikatu honen ondorioz, Zarauzko Adarretatik Musika Jaialdia egin izana sari handi bat izan da. Dakigunez, uda honetan euskal jaialdi gehienak bertan behera gelditu baitira, Donostia eta Gazteizko Jazzaldia, Elorrioko Musikaire, Euskal Herriko hainbat mendietan ospatzen den Urmuga eta gurea izan ezik.
Mila esker eskaini ditugun kontzertuetara etorri zareten musika maitale guztiei!"
Argazkiak: Ritxi Goya