Maite Larbururen kontzertuarekin hasiko da igandean Udako Musikaldia

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 28a, 16:06

Guztira, lau kontzertu antolatu dituzte abuzturako, eta guztiak 20:00etan izango dira Andra Mari Zeruratzea parrokian, aforoa eta higiene eta segurtasun neurriak bermatuta.

Igande honetan hasiko da Zarauzko XXXII. Udako Musikaldia, Maite Larbururen emanaldiarekin. Hezurren azpian diskoa aurkeztuko du zuzenean parrokian, eta Carlos Taroncher lagun duela, proposamen eklektikoa ekarriko du. Musikaldia abuztuko ekitaldi garrantzitsuenetariko bat da, eta aurtengo egitarauak ohiko ildoari eutsiko dion arren, ezberdina izango da egungo egoerak hala baldintzatu da. Nolanahi ere, "aurten aforoa eta higiene eta segurtasun neurriak bermatu behar izan badira ere, lau kontzertu paregabez gozatzeko aukera izango dute zarauztarrek eta bisitariek”, aditzera eman du Irune Urbieta Kultura zinegotziak.

Udako Musikaldiko kontzertu guztiak 20:00etan izango dira Andra Mari Zeruratzea parrokian. Maite Larbururen emanaldiarekin ondoren, abuztuaren 9an, Capilla Santa Mariak Cadenas de Amor eskainiko du Scarlatti, Durante, Steffani, Bononcini eta Haendelen obrekin; Jone Martinez sopranoak, Carlos Garcia-Bernalt klabeak eta Carlos Mena kontratenorea eta zuzendariak osatzen dute talde.

Hirugarren kontzertuan, hilaren 23an, Beethoven 2020 Proiektua aurkeztuko du Kamerata Euskdivariusek, Beethovenen 3 . sinfonia interpretatuz:  SINFONIA Mi b Maiorrean, op.55 (HEROICA). Musikaldia Alos Quartet, 20 urte emanaldiarekin bukatuko da, hilaren 30ean; Xabier Zeberioren sormenaren bultzadaz, berezko sonoritate bat definitzea lortu du laukoteak.

Emanaldi guztiak doan izango dira, eta sarrerak Modeloko leihatilan jaso ahal izango dira kontzertuaren egunean bertan, 18:00etatik 19:45ak bitartean. Gehienez ere 4 sarrera pertsonako eta familia ugariek sarrera gehiago hartzeko aukera izango dute. Publikoaren segurtasuna bermatzeko, emanaldia irauten duen bitartean maskara jartzea derrigorrezkoa izango da.