Azken orduetan beste bost positibo berri atzeman dituzte Zarautzen

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 29a, 13:55

Tantaka-tantaka gora doa koronabirus gaitzarekin kutsatu diren herritarren kopurua. Aurreko asteazkenetik, esaterako, 24 dira guztira kutsatu berriak. Urola Kostari dagokionez, azken orduetan Getarian bi positibo eta Orion bat egon dira.

Zarautzen zazpi egun jarraian agertu dira positiboak koronabirusaren PCR probetan, eta kopuru orokorrak goraka doaz tantaka-tantaka: lau izan ziren aurreko asteazkenean (uztailak 22), beste lau ostegunean, bat ostiralean, hiruna larunbatean eta igandean, lau astelehenean, eta bost atzo. 24 positibo, astebetean.

Eskualdeari dagokionez, kostaldean egon dira, beste behin, kasu bakanak: Orion kasu bat egon da azken orduetan, eta hala, astebetean lau izan dira denera. Getarian bi positibo berri atzeman dira, eta astebetean bost izan dira.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan denera 4.849 PCR proba egin dituzte azken orduetan, eta horietatik 121 lagunek eman dute positibo. Bizkaian atzeman dira kasu berri gehienak: 62. Gipuzkoan ere Araban baino askoz gehiago egon dira: 46. Hamahiru kasu egon dira, izan ere, Araban.