Baratze solidarioan jasaten ari diren lapurretak eta kalteak salatu dituzte

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 29a, 14:44
Caritasera bideratzeko prestatutako aste honetako barazki sorta. (Aritz Mutiozabal)

Urte hasieratik hona hainbat material ostu dizkiete, baita negutegia labanaz moztu ere. Inguruko norbait izan daiteken susmoa dute; Ertzaintza kasua ikertzen ari da

Azkenaldian Astiko baratze solidarioetan lapurretak eta kalteak eragiten ari direla jakitera emateaz gain, gertakariak gogor salatu nahi izan ditu Patxi Elola Lorazaintza zinegotziak.Bere esanetan, «lapurreta egitea tristea bada, horrela are tristeagoa. Azken finean, behar gehien dutenei lapurtzea baita». Iñaki Oñatibia boluntarioak zehaztu du jorratzen duten lur eremua udalarena dela eta Caritasek kudeatzen duela. «Gu bertan lan egiten dugun boluntarioak baino ez gara. Baina badirudi egiten ari garen lan hau norbaiti ez zaiola gehiegi gustatzen». 

Jarraian, urte honetan izan dituzten hainbat gertakari zerrendatu ditu. Otsailean hodi bat lapurtu zieten: «Lehena izan zen, eta hasieran ez genion aparteko garrantzirik eman». Ondoren, COVID-19ak eragindako pandemiaren sasoia etorri zen, konfinamenduaren bolada. Boluntarioek bertan lanean jarraitzeko baimen berezi bat lortu zuten Caritasen bitartez, baratze solidarioa beharra zuten pertsonak elikatzeko zela ziurtatzen zuena. Edonola ere, norbaitek salaketa bat jarri zien, lanean ari zirelako, eta udaltzainen bisita jaso zuten.

«Guk lanean jarraitu genuen, eta handik hilabetera, maiatzaren 10ean, negutegiko plastikoa laban batekin edo moztu egin ziguten zazpi tokitatik, baita bota pare bat eta balde batzuk lapurtu ere», jakitera eman du baratzeko langile boluntarioak. Ertzainetara joan ziren eta salaketa jarri zuten arren, lapurretek aurrera jarraitzen dutela gaineratu du. Izan ere, hilabetera erreten gisa jarri zuten hodi luze bat lapurtu zieten hilabete geroago.

«Ordura arte, baratzeko bi sarrerak irekita uzten genituen, ez baikenuen uste Caritasentzat den proiektu baterako lanean ari garen honetan jendea lapurretara etorriko zitzaigunik. Tamalez, ordea, giltzarrapoa jarri behar izan diegu», azaldu du Oñatibiak erabat etsita. Hartutako neurriak, baina, ez die askorako balio izan. Uztailaren 18ko larunbatean termometro-plubiometro digital bat lapurtu zieten, eta gaur goizean balde bat faltan nabaritu dute. «Ez da batere logikoa gertatzen ari dena!»


Susmoak susmo

Elolak nabarmendu nahi izan du lapurretak eta halako kalteak ez direla bakarrik baratze solidarion gertatzen ari. Ez dela kasu isolatu bat. Inguruko baratzetan ere antzeko kasuak eman direla . «Susmoak ez daude pertsona jakin batengan, baina inguruko norbait izan daitekeela pentsatzen dugu. Izan ere, konfinamendu garaian, hemendik inor pasatzen ez zenean, lapurretak egoten ziren. Horrek , nolabait ere, bideratzen zaitu hori pentsatzera», adierazi du Lorazaintza zinegotziak.

Lapurretak eta kalteak beti direla «mingarriak» dio Elolak, baina horrelako kasuetan, boluntario lanetan ari direnei lapurreta egitea «miserablea izatea» dela azpimarratu du. «Izan ere, horiek ekoizten dituzten barazkiak Caritasera bideratzen dira, behar gehien dutenen artean banatzeko». Ertzaintza gertakariak ikertzen ari dela aditzera eman du, era berean.

Barazkiak asteazkenero Caritasera

«Konfinamendu garaian ez baginen baratzean aritu baimen bereziarekin, gaurko egunean ez genuen uzta hau guztia izango», azpimarratu nahi izan du Oñatibiak. Udaberrian egin behar izan da lan, orain emaitzak jaso ahal izateko. Aste hauek izaten ari dira emankorrenak, gainera. Asteazkenero prestatzen dituzte barazkiak Caritasera eramateko, eta gaurko, esaterako, ondorengoa bildu dituzte: 115 letxua, 120 kilo tomate, 60 kilo luzoker, 40-50 kilo kalabazin, 35 kilo piper berde eta 35 kilo baina.

Bost urte daramatza funtzionamenduan baratze solidarioak, eta une honetan hiru lagun dira boluntario gisa egunero lanean aritzen direnak: Iñaki Oñatibiarekin batera, Jesus Aldazabal eta Juanjo Agirrezabala. Laugarren bat ere etortzen da astean hirutan, eta gero beste astean behin.

Urtetik urtera, hobeto doala baratzea zehaztu du Lorazaintza zinegotziak: «Iaz jarri genuen negutegia, eta ikusita zer-nolako tomate eta piper lortzen dituzten, eta neguan egiten duten ekoizpenarekin, ongi amortizatutako kostua izan da zalantzarik gabe». Udala inbertsio horrekin «harro» sentitzen dela gaineratu du, eta eskerrak eman dizkie boluntarioei.