Hondakina gutxitzeko kanpaina jarriko dute abian izozki dendetan

Aritz Mutiozabal 2020ko uzt. 29a, 15:44

Ikasleek Eskolako Agenda 21 egitasmoan aurkeztutako proposamena da, eta herriko izozki dendetan panel txikiak jarriko dituzte.

Izozki dendetan hondakinak gutxitzeko kanpaina abiatuko du aste honetan udalak, eta, hala, panel txiki batzuk jarri dituzte aipatu saltokietan koilaratxoen eta kartoizko tutuen erabilera ahal den neurrian murrizteko. Benetan beharrezkoa denean bakarrik erabiltzea gomendatzen dute, eta, ondoren, hondakin bakoitza dagokion edukiontzira botatzea. "Hondakin horiek ez baditugu ondo bideratzen, itsasoan amaituko dute eta guztion ardura da horrelako  jarrera ezkorrak ekiditea", nabarmendu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak.

Ekimen hau Zarauzko ikasleek proposatu zuten Eskolako Agenda 21 egitasmoan joan den ikasturtean, Kutsadura eta kosta gaiaren barruan, eta, hainbat ondorioen artean, sentsibilizazio kanpaina hori martxan jartzeko eskatu zuten. Ingurumen zinegotziak herriko izozki-dendetako jabeen jarrera eskertu nahi izan du, besteak beste, hasieratik bat egin dutelako ikasleen proposamenarekin, eta, inolako oztoporik gabe, elkarlanean aritzeko prest agertu direlako.