Salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko eskatuko du Etxeratek igandean hondartzan

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 29a, 17:32

Beste urte batez, hondartzan mobilizatuko dira euskal presoen eskubideen alde. Gipuzkoako sei hondartzatan egingo dute ekitaldia, tartean Orion eta Zarautzen; eguerdian izango dira biak, 12:00etan. Orotara, Euskal Herriko 16 herrietan deitu dute mobilizatzera.

"Bada garaia euskal presoen familiakoei, seme-alabei, gurasoei eta lagunei ezartzen zaien zigorrarekin eta sufrimenduarekin amaitzeko; bizirik eta etxean nahi ditugulako", adierazi du euskal preso eta iheslarien Etxerat elkarteak. Hargatik, salbuespenezko espetxe politikaren berehalako eta behin-betiko amaiera eskatuko dute Euskal Herriko 16 hondartzatan egingo dituzten mobilizazioetan. Tartean, Zarautzen: 12:00etan elkartuko dira Musika Plazan, ondoren hondartza aldera joateko.

"Euskal gizarteak aurrera egin nahi du konponbidean eta bakean, bizikidetzan, eta, beraz, ezin dugu onartu estatuek ehunka familien sufrimenduari eustea; izan ere, milaka pertsonek jarraitzen dute espetxe-salbuespenaren ondorioak jasaten", adierazi dute oharrean.