"Galestarrek sekulako adorea dute hain errekurtso gutxirekin horrenbeste gauza egiteko"

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 31a, 09:00
Begotxu Olaizola, Galesen erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen duen taldearen banderarekin (Utzitakoa)

Gorsedd erakunde galestarrak Begotxu Olaizolaren lana saritu du. Arlo ezberdinetako jendea saritzen du erakundeak, eta Olaizola, azken 30 urteotan, Galesen eta Euskal Herriaren eta galeseraren eta euskararen arteko zubi-lanak egiten aritu da. Hargatik, "tunika urdineko druida" izendatu dute; druida, "jakintzaren" adieran hartuta.

Euskal Filologian lizentziatua eta Orioko Herri Ikastolako irakaslea da Begotxu Olaizola Zarauzko bizilaguna. Ikasle zenetik "gogoko" izan du bidaiatzea, eta jende, kultura eta hizkuntza ezberdinak ezagutzea. Ingelesa hobetzearen aitzakiarekin, 1987an, Irlandara jo zuen; bere ezagun batzuk bizi ziren han. Dena den, galesera beranduago ezagutu zuen sakonago, Euskal Herrira itzuli eta Alan King ezagutzean. Ingelesa zen bera, baina bazuen Galesen ezagutza. Zarautzera etorri zen bizitzera 1980. hamarkadan, eta hark azaldu zizkion Olaizolari "Euskal Herriaren eta Galesen antzekotasunak".

Hiru milioi biztanle pasatxo ditu Galesek; Euskal Herriaren antzera. 1980. hamarkadan, Olaizolak eta King-ek elkar ezagutzean, %20 inguruk hitz egiten zuen galeseraz. "Jakinmina" piztu zitzaion Olaizolari, antzerako egoera soziolinguistiko eta politikoa bizi zutelako bi hizkuntzek. Ikastaro batean apuntatu zen oporraldi batean, galeseraz ikasteko, eta, kalean, zekien apur hori erabiltzen zuen. Ingelesez ez zekiela esaten zuen, gezurra zen arren; praktikan jarri nahi zuen.

Jende mordoa ezagutu zuen bitarte guzti horretan. Halako batean, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren bitartez, "Galesko Txillardegi" ezagutu zuen: Ned Thomas. Hizkuntzalari handienetariko bat da Galesen, ikur bat, bertako hizkuntza eta kulturarengatik lan handia egin duena (The Welsh Extremist: A culture in crisis liburua da, ziurrenik, ospetsuenetarikoa). Thomasek hizkuntza txikien arteko proiektu bat jarri nahi zuen martxan, "sare moduko bat osatzeko eta elkar lagundu eta elkarren berri izateko". Datu-base moduko bat ere egin nahi zuela oroitzen du Olaizolak. Proiektu horretan murgildu eta euskara eta katalanaren alorrak jorratu zituen. Hala, 1989an, Galesera joan zen bizitzera Olaizola, ikerlari gisa lan egiteko hizkuntza minorizatuen aldeko proiektu berri horretan. Urte eta erdi pasa zuen bertan, eta "pixka bat kostata baino saiatuaz" ikasi zuen galesera.

"Inertziaz sortu dira ekimenak"

Euskal Herriaren eta Galesen arteko zubi-lanak egin ditu Olaizolak urteotan guztiotan. Ikerketa proiektu horretako kide askorekin "harreman onak" egin zituen Galesen, eta ekimenak, joan-etorriak, "nahi gabe" sortu direla dio. "Handik irakasle asko etorri dira hemengo ikastoletako funtzionamendua ikusteko, baita hizkuntza plangintzaren berri izateko ere; euskara hutsezko komunikabideetara ere etorri izan dira kazetari eta hizkuntzalari galestarrak; kooperatiba sozialak interesgarriak iruditzen zaizkie baita ere; eta orokorrean, batez ere gazteen arteko hizkuntzaren erabilerak aluzinatuta uzten dituzte".

"Hizkuntza minorizatuen arteko proiektu bat jarri genuen martxan: sare moduko bat, elkar lagundu eta elkarren berri izateko"

Olaizola bidelagun eta itzultzaile izan zaie galestarrek halako bidaiak egin dituztenean, baina bestetik, beste noranzkoan ere egin du lan: ETAren armagabetzeaz, bake-prozesuaz, Kataluniako egoeraz, hauteskundeez eta antzerako kontuez idatzi izan du Galeseko komunikabideetan, eta hitzaldi dezente ere eman izan ditu. "Lan boluntarioak izaten dira, eskatu egiten dizkidate eta nire borondatez egiten ditut". Sianel Pedwar Cymru telebista galesa da halako kontuei oihartzun gehien ematen dien komunikabidea, eta baita BBCren Radio Cymru irrati katea ere; bereziki Post Cyntaf goizeko albistegia.

Harreman pertsonal estuek, estaturik gabeko bi herrien arteko zubi-lana "modu natural" batean gauzatzea egin dute. Duela sei urte, 2014an, lehen aldiz Rhas yr laith egin zuten Galesen (AEKren Korrika ekimenaren antzerakoa da). Olaizolak zuzenki hartu zuen parte sortze prozesu horretan, Sion Jobbins-ekin harremana duelako. Jobbins-ek Euskal Herrira egindako bidaia batean ezagutu zuen Korrika, baita parte hartu ere, eta ideia mugimenduko kideekin partekatu ondoren, talde-motor bat osatu zuten guztia antolatzeko: tartean zen Olaizola. Lau eguneko saioa prestatu zuten (egunez), eta "oso pozik" da horrek jarraipena izan duelako.

Galeseko kultur-mugimenduak erakartzen du gehien Olaizola. Eisteddfod jaialdia du gogokoen: "Euskal Herriko Durangoko Azokaren antzerako zerbait dela esango nuke: kultur produktuak saltzen dituzte, bertso-txapelketak egiten dira, kontzertuak egunez zein gauez, antzerkiak.. Abuztuko lehen igandetik bigarrenera izaten da; aurten, baina, COVID19arengatik birtualki zerbait egingo da". Rhas yr laith (Korrika) ere data horietan egin ohi da. "Festa moduko bat da azkenean; dena elkartzen da astebetean". Egunero 100.000 pertsonak bisitatzen du jaialdia, eta galestarrentzat "sekulako garrantzia" duela dio: "Asko gustatzen zait hara joatea; oso jaialdi garrantzitsua eta berezia da kultura galesarentzat".

(1990 inguruko irudia. Hego Galesen dagoen AEBen base militar baten aurkako mobilizazioa egin zen. Irudian, beltzez jantzita, Boliviako banderarekin, Begotxu Olaizola)

Antzekotasunak eta ezberdintasunak

Gales, ekonomikoki lurralde "txiroa" dela dio Olaizolak. Meatzeek sostengatzen dute bertako ekonomia, baina nekazaritzatik bizi dira gehientsuenak. Bertakoa da Erresuma Batuko langabezia-tasarik altuena, eta Londresek "erabat abandonatuta" utzi duela adierazi du; "nahita, gainera". Garraioa "oso eskasa" dela dio, ez dagoelako ez autopistarik ezta bide zuzen eta segururik ere; are okerragoa da, baina, garraio-publikoa. Izan ere, Olaizolak adierazi duenez, auto propioan joanda ere, 100 kilometroko bidaia egiteko hiru ordu inguru behar izaten dira. Alde horretatik, Euskal Herriarekin ez duela inolako antzekotasunik azaldu du, baina bi herriek bai partekatzen dutela ezaugarri oso berezi bat: hizkuntza minorizatu baten jabetza.

"Hara joan nintzenean, 1987an, egoera nahiko antzekoa zen. Euskal Herrian hizkuntzaren normalizazioa hasiberria zen. Garai batetik irteten ari ginen, eta hazkunde prozesu bat bizitzen. Han, aldiz, galesera ez da inoiz ofizialki debekatuta egon, baina badakigu nola jokatzen duten hizkuntza handiek hizkuntza txikiekin. XIX. mendean eta XX. hasieran, galeseraz egiten zutenak seinalatuak ziren: batez ere eskoletan. Hemen frankismoan bezala, gutxi gorabehera, baina ez zegoen ofizialki debekatuta. Hiztun mordoa galdu zituen orduan, eta ni hara iritsi nintzenean behetik gorako prozesu bat hasi nahian ziren, Euskal Herrian bezala. Dena den, 1982an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan onartu zen hizkuntz politika oso indartsua zen Galesekoarekin alderatuz. Hargatik, esango nuke garai hartako Nafarroak antzekotasun gehiago zuela Galesekin; eremu-mistoak albo batera utzita, noski".

Egungo egoerari erreparatuta, Olaizolak dio Euskal Herria "dezente posizio hobean" dagoela Galesekiko. "Hiztun kopuruari" dagokionean, "zerbait behintzat egin" delako: "Hizkuntz politika askoz hobeak behar ditugu Euskal Herrian, hori kritikatzen dut, baina lorpen batzuk eman dira: Gasteizko egoera ikusten dute galestarrek eta harri eta zur geratzen dira. Izan ere, beraiek azken 40 urteotan hiztunak galdu dituzte: %18 inguru da orain kopurua".

"Dauzkagun aurrekontu eta laguntza publikoak ikustean ezin sinetsi geratzen dira; beraienak ez dira inondik inora ere horra iristen"

Administratiboki, galestarrek lan handia egin dutela aitortzen du Olaizolak: "1996an, autonomia lortzen duten asanblada bat edukitzea eratu zuten, baina ezin dituzte zergak bildu. Hargatik boterea ere mugatua dute. Hala ere, eskumen mugatuak izan arren, presentzia hutsak indarra eman die gizartean eta hizkuntzaren normalizazioan. Nire ustez, poliki-poliki bada ere, ari dira lur pixka bat irabazten. Gugandik oso urrun daude, hala ere".

Diru-laguntzen banaketan ere egoera oso ezberdina dela dio: "Gure aurrekontuak eta laguntza publikoak ikustean ezin sinetsi geratzen dira, beraienak ez baitira inondik inora ere horra iristen. Niretzat, horregatik, galestarrek sekulako adorea dute hain errekurtso gutxirekin horrenbeste gauza egiten. Izan ere, gugandik ez oso urrun mantentzen dira: telebista galesa dute, eta nire iritziz ETB baino dezente hobea da. Hortik ikasi dezakeguna da, urte batzuk lehenago guk geuk egin genuen bezala, hain errekurtso gutxirekin badaudela gauzak ondo egitea".

Independentzia gosea berpizteko mugimenduak

Alderdi politiko abertzale bakarra dago Galesen: Plaid Cymru. Ia 100 urteko bizia du, eta, urteetan zehar, %5-10 bitarteko babesa jaso izan du hauteskundeetan. Orain "asko igo dela" dio Olaizolak. Eskoziako eta Kataluniako pentsaerek eta gertakariek "iraultza edo aldaketa moduko bat" sortu duela azaldu du, eta "jendartean ikusten" dela "jarrera aldaketa".

Horren adibide da Yes Cymru. Jobbins-ek, "Galeseko Korrika"-ren bultzatzaile nagusiak, jarri zuen martxan 2016an: "Alderdi independentistatik zertxobait aldenduta daude, eta ulertzeko, esango nuke Gure Esku Dago-ren antzerako lana egiten dutela". Yes Cymru-ren hasieretan izan zuen parte-hartzea Olaizolak, izan ere, ANCren euskal ordezkaria izan du zenbait urtez, eta "ezinbesteko kontaktua" zen Jobbins-ena. Bakoitzak bere lurralde eta hizkuntza minorizatuaren alde egiten du, baina barku berean eta etengabeko harremanean bizi dira estaturik gabeko herrialdeok.

Erlazionatuak