Gutuna: Zarauzko moilako obrak direla eta

Zarauzko Hitza 2020ko uzt. 31a, 12:19

Luix Mari Zulaika Isastik ondoko gutuna igorri du Zarauzko Hitzara. Udalak "moila konpontzeko izan duen jarrera" eskertu nahi izan du, eta Ama Birjina parean ezarritako masta lekuz aldatzea proposatu du.

Ezer baino lehen Zarauzko udalari eskertu beharrean aurkitzen gara moila konpontzeko izan duen jarreragatik. Dena den, gauzak beti hobetu daitekeenez, ekarpen positibo bat plazaratzeko asmoz gatoz. Atletismoko jauzietan 4 atal bereizi ohi dira: lasterraldia, oldarra, hegaldia eta erorketa. Ziklo osoa behar bezala burutu ahal izateko gune gutxi ditugu gure herriko kaian. Horien artean esanguratsuena Ama Birjina parean kokatutakoa izango litzateke. Gure harridurarako bertan masta handi bat ipini duzue orain, eta gainera oinarrian zabaltzen diren eta tarteak dituzten burdinez osatua. Kontuan izanik horrela jauziaren aurreko lasterketaldia eta bulkada erabat oztopatzen dela, masta hori lekuz aldatzea proposatu nahi genuke. Aukera bat lehen zegoen lekua izan daiteke. Udalari bere lana eskertu ondoren, espero dezagun gure haur eta gazteek herriko moilaz lehenbailehen gozatzeko aukera izatea.