Hiru Hamarreko txapela izango du gaur jokoan Urrak

Julene Frantzesena-Mailo Oiarzabal 2020ko abu. 2a, 10:00
Mikel Lopetegi 'Urra' harri jasotzailea. (Ibon Errazu)

Xabier Peñagarikano Peña eta Urdax Magunazelaia izango ditu lehiakide Aiako probalekuan, 18:00etatik aurrera.

Orain arteko emaitzak ikusita behintzat, Hiru Hamarreko Harri-jasotze Txapelketan ez dago hain garbi txapela noren buruan pausatu daitekeen. Gaurko finaleko hiru parte hartzaileetatik bat zarauztarra da: Mikel Lopetegi Urra. Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra eta Urdax Magunazelaia abadiñoarra izango ditu nor baino nor Aiako probalekuan, 18:00etatik aurrera.

Sailkapen fasean, lehen eta azken jardunaldietan aurrez aurre aritzea egokitu zitzaien Urrari eta Magunazelaiari: lehen aurrez aurrekoan, ekainaren 27an Leaburun (Gipuzkoa), 44na altxaldi lortu zituzten; joan den larunbatean, berriz, 44ko marka berdindu zuen bizkaitarrak Beizaman, eta 42 jasoaldirekin gelditu zen Urra. Peña da, bestalde, sailkapen faseko saio batean altxaldi gehien batu dituen harri-jasotzailea, 45; Larraulgo (Gipuzkoa) jardunaldian lortu zuen marka hori, uztailaren 4an. Ubiden, berriz, 42 altxaldi lortu zituen Aizarnazabalgoak.

Horrenbestez, pronostiko irekia du gizonezkoen harri-jasotze finalak. Zilindro zaharrarekin, kubikoarekin eta bolarekin bi minutuko saio bana egin beharko dute kirolariek; 125 kilokoak izango dira hiru harriak.