Xabier Egañaren ibilbide artistikoa ezagutzera emateko bideo laburrak sortu dituzte

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 4a, 14:32
ArtEgañaren prentsaurrekoan, Juan Ayesta, Jose Roman Lizaso eta Irune Urbieta. (Aritz Mutiozabal)

ArtEgaña elkarteak aurrera eraman du proiektua, Juan Ayesta adituaren laguntzarekin, eta orain ikusgai jarri ditu youtube atariko bere kanalean.

Xabier Egañaren obra zabaltzea, sustatzea eta ezagutaraztea xede duen ArtEgaña elkarteak "aurrerapausoak" ematen jarraitzen du bere jardunean. Aurtengo plangintzarako zehaztuta zituzten aurrez aurreko ekintzak bertan behera geratu zaizkiela adierazi dute –batez ere Antezanako eta Zarautzeko bisita gidatuak–, pandemiaren eraginez. Baina esku artean zuten proiektu nagusiarekin aurrera jarraitu ahal izan dute: hainbat ikus-entzunezko sortu dituzte eta ArtEgañaren youtube atariko kanalera igo dituzte.

Elkarteko kide Jose Roman Lizasok azaldu du bideoetako bat Salbatore Mitxelenaren omenezko Ikastolako muralaren zaharberritzea jasotzen duela, aurretik egina. Horretaz aparte, Xabier Egañaren ondarea Zarautzen jasotzen duen ikus-entzunezko bat ere egin zuten, artistaren testigantzarekin. "Berritasuna eta, gehienbat, orain plazaratu nahi izan duguna izan da bere ibilbidean sakontzen duten bideoak. Bizpahiru minutuko bost piluletan jaso ditugu", azpimarratu du Lizasok.

Lan horretarako, ArtEgaña elkarteak Juan Ayesta izan du aholkulari artistiko gisa; izan ere, bera aditua da Egañaren obragintzan. Ayestaren esanetan Xabier Egaña ezezagun bat da publikoarentzat, zirkuitutik kanpo ibili delako beti, baina orain ezagutzera ematen ari da. Zazpi bideoen bidez, artistaren naturaltasun hori jaso nahi izan dutela kontatu du. "Asko dago kontatzeko Egañari buruz, eta garrantzitsua da bere testigantza jasotzea", nabarmendu du adituak. Hain justu ere, bere ibilbidearen bideoetan Ayestak egiten du narratzaile lana; gaztelaniaz daude, euskarazko azpitituluekin.

Erakusketa eta aitortza

Datorren urteari begira, Xabier Egañari buruzko "erreferentziazko" erakusketa bat egiteko asmoa du ArtEgañak, Zarauzko Udalarekin elkarlanean. Lizasok aurreratu duenez, eszenatoki ezberdinetan banatu nahiko lukete egitasmoa.

Bestalde, elkarteak artistaren profila kontuan izanda, dagokion aitortza egiteko eskatu nahi die erakundeei. "Azken finean, Arantzazuko sortzaile haien artean bizirik jarraitzen duen bakarra baita"

Erlazionatuak