Dena ez da laino beltza

Julen Otaegi Leonet - Olatz Silva / Berria 2020ko abu. 4a, 16:15
Ezkerreko hankarekin hasi zuten kanpinek urtea, baina erritmo onarekin udako denboraldia. Hurbileko turismoak zeresan handia eskuratu du, denentzat egoera bera ez bada izan ere. Ondorengo erreportajea landu dute Berria egunkarian, eta, besteak beste, Talai Mendi Kanpineko arduradunekin aritu dira hizketan.

Sekula ez bezalakoa izan da udaberria, eta halakoxea da aurtengo uda ere. Kolpe latza jaso du turismoak itxialdiko hilabeteetan; ordea, alarma egoera amaitzearekin batera, badira hobera egingo duen zantzuak. Inoiz ez bezala, hurbileko turismoak xarma eta garrantzia bereganatu ditu urruneko helmugen ordez

Gertutasun hartan ibili nahian, lau hormetatik ihes egiteko alternatiba gisa aurkeztu dira euskal kanpinak. Hainbat hilabete etxean konfinatuta igaro ostean, itxialdiak efektu argia izan du gizartearengan, eta jendeari hainbeste falta izan zaion askatasuna eskaintzen diote. Gainera, badirudi segurtasuna eta lasaitasuna nahitaezkoak direla aurten oporretako helmuga hautatzean; uda honetan leku ireki eta espazio pertsonal seguruak erakargarriak izateaz gain, lehentasuna dira bisitarientzat.

ZARAUTZ
Talai Mendi kanpina

Uztailean ireki zuten Talai Mendi kanpina, Zarautzen (Gipuzkoa), eta erritmo onarekin hasi zirela adierazi du arduradunetako batek, Haimar Arozenak: «Atzerritik jende gutxiago zetorren, baina tokikoekin bertakoekin konpentsatzen zen. Ikusita nondik gentozen, ondo hasi genuen uda». Hil hasieran ireki eta bi astera, baina, denen begiradapean zegoen Talai Mendi: bi kanpinzale ohik positibo eman zuten. Bezero eta langile guztien artean 250 PCR probetatik gora egin zituzten. Bi positibo agertu ziren, baina fokurik egon ez zela baieztatuta, normaltasunera itzuli ziren hurrengo egunean.

Halere, Arozenak azaldu duenez, egoera ez zen inolaz ere berbera: «Lanean normal jarrai genezakeela esan ziguten. Normal bai, baina kanpina husturik. Jende nahikotxo geneukan, baina jende oso gutxirekin geratu ginen. Ordu gutxian kaltea handia izan zen guretzat; oraindik ere deitzen digute galdetzeko ea konfinaturik gauden». Gertakariaren ondoren, 250 bezero ingurutik herena geratu ziren kanpinean. Gehienak, atzerritarrak; ingurutik etorri ziren kanpinzaleek ospa egin zuten.

«Desastre hutsa» izan da negozio ikuspuntutik, baina jazotakoa guztiz «logikoa» deritzo arduradunak. Kanpin batean horrelakorik gertatzen den lehen aldia izan da, eta denen arreta bereganatu du Talai Mendik: «Zentzu guztietan puztu da gertatutakoa. Hori izan da diskurtsoa, jendeak irentsi duena. Jendea lasai etortzera dator, eta ulergarria da emaitza».

Zailtasun guztien gainetik, atzerritarren etorrera ohi bezala ari da mantentzen Talai Mendin. Datorkiena, aldiz, «ezjakintasunez» ikusten du Arozenak: «Oraintxe bertan, ez dakigu zer esan. Ez da konparagarria izango beste udekin, baina ona izan daiteke. Joan zirenen parte bat itzuliko balitz, gaitz erdi!». Uztailean, behintzat, eguraldiak lagundu die Talai Mendikoei, baita Zarauzko hondartzak ere.

Izan ere, surf egiteko leku gisa «gero eta ezagunagoa» da Zarautz, eta asko dira kanpinera doazenak surf oholarekin. Zaletasun berbera dute bezero askok, eta, Arozenaren ustetan, leku gutxitan lortu daiteke kanpinetan ohikoa dena: «Kanpinzaleen artean harremanak sortzen dira. Estilo berdineko jendea etortzen da, eta segituan nabaritzen da haien arteko kontaktua. Nire ustez, hemen sortzen diren harremanak ez lirateke sortuko beste inon».

Talai Mendiko kanpinzale errioxar batek uztailaren 10etik darama Zarautzen, eta kanpina leku «segurua» dela adierazi du. Urtero bezala igaroko du hilabete bat euskal kostaldean. «Lasaitasun» osoz gogoratzen du uztail erdialdean gertatutakoa: «Hogeita lau orduko kontua izan zen, eta ez zen izan inongo arriskurik. Guztia zuzen egin zuten, eta segituan baretu zen kanpineko egoera».

Erreportajea osorik irakurtzeko: Berria.eus