"Zarautzen ezarritako baldintza murriztaileak gure enpresak itotzen ari dira"

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 5a, 10:38

Zarauzko ostalaritza enpresa guztiei elkartasuna adierazte aldera, Zurekin Ostalaritza Elkarteak ondorengo oharra helarazi du. Bertan, gainera, erakundeei eskatzen die ezarritako neurri murriztaileak aztertzeko.

"Oso urte zaila izaten ari da, inork ezin du ukatu. COVID-19-aren krisia hainbat sektoretako enpresa eta autonomo askori eragiten ari da, baina gurean, ostalaritzan, oso gogor eragin du. Konfinamendu hilabeteen ondoren, itxita igaro behar izan ditugunak, azkenean bazirudien udak tregoa bat emango zigula eta lan egingo genuela gure enpresak eta haiei dagozkien enpleguak mantendu ahal izateko. Baina halabeharrez, uztaila erdialdeko agerraldi berri batek Zarautzen ezohiko neurriak hartzera behartu zuen, eta ondorioz, taberna, pub eta jatetxeen ordutegi eta edukierak mugatu ziren. Edonork uler dezake neurri horiek beharrezkoak izan direla Covid19-aren aurrerabidea geldiarazteko, osasuna lehenengo doalako, baina gure elkartetik ezin dugu asimilatu neurri horiek denboran hainbeste luzatzea, eta batez ere, establezimendu mota bereizi gabe. Guztiek onartzen dute maskara erabiltzea, eta jakitun dira urruntze neurriak hartu behar direla, baina ez dute ulertzen zergatik altxatu behar den jatetxe bateko mahaitik 23:45tan kafe bat bera ere hartu gabe. Zer zentzu du?

Zarauzko taberna eta jatetxe gehienak gomendatutako neurriak aplikatzen ari dira, eta bezeroen eta langileen osasunarekin konprometituta daude. Bere bizibidea da, eta badakite beraien esku dagoen guztia egin behar dutela, eta batez ere ondo egin, mantentzeko. Gainera, udan gaude, zarauztarrak eta turistak Zarautzen gozatzeko irrikitan gaude, eta arduraz egiteko prest.
 
Zarautzen ezarritako baldintza murriztaileak, eta dirudienez denboran jarraituko dutenak, gure enpresak itotzen ari dira. Dagoeneko herriko hainbat lokal itxi dituzte eta beste asko hari batetik zintzilik daude. Garrantzitsua da gogoraraztea 700 familia baino gehiago ostalaritzaren mende daudela zuzenean, janari eta edarien banatzaileak, garbitegiak, garbiketa enpresak etabar luze bat barne. Une honetan, dirua galtzen ari da, diru asko... eta ondorio zuzena enpleguaren galera izango da, enplegu asko. 
 
Mezu honen bidez, gure elkartasuna eta indar guztia helarazten diegu ostalaritza enpresei, eta erakundeei eskatzen diegu une bat eskaini dezatela ezarritako neurri murriztaileak aztertzeko. Uste dugu jende asko ari dela gauzak ondo egiten eta ahalegin handia egiten ari dela hain beharrezkoa den osasun segurtasuna aplikatzeko, beren erantzukizunaren jakitun dira. Jende honek merezi du lan egitea eta beren bezeroei espero den arreta ematea".
 
Zuzendaritza Batzordea
Zurekin Ostalari Elkartea