'Haitzaren gibeletik' erakusketa zabalduko dute Torre Luzean

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 5a, 14:10

Zeramika garaikidea da Zigor Garcia sanpedrotarraren proposamen artistikoa, eta ostiral honetatik hasi eta irailaren 13ra arte egongo da erakusgai.

Zigor Garcia artista sanpedrotarrren Haitzaren gibeletik zeramika erakusketa zabalduko dute ostiralean, Torre Luzea aretoan. 2018tik hona, buztinaren modelatu figuratiboa baztertu eta zeramika garaikidera gerturatu da sortzailea, eta, hain justu ere, horren emaitza ikusteko parada izango da irailaren 13a bitartean; egunero zabalduko dute, 18:00etatik 20:00etara.

Proposamen berri honetan naturaren esperientzia eta kontzientzia ekologista presente izan ditu artistak. "Jaizkibel mendi magalean eraiki nahi zuten portuaren proiektu basati eta burugabeak ekosistema berezia eta ez oso ezaguna desagertzeko zorian utzi baino lehen, bertara hurbiltzea erabaki du Jaizkibelgo itsaslabarren muturretara lau ibilbide luze eginez", nabarmentzen du erakusketaren aurkezpen oharrak.

“Artea ez baita, gertatzen baita”. Begiratzeaz aparte, natura zapaldu, zeharkatu, usaindu, dastatu, ukitu, izerditu, busti eta hausnartu egin behar dela iritzi dio Garciak, eta erakusketara bertaratzen den bisitariarekin partekatu nahi du hori guztia..

Bizipen horretatik bost multzo eskultoriko eta marrazki sorta bat paratu ditu, instalazio gisa, buztingintzaren teknika eta hizkuntza plastiko ezberdinak erabiliz horietariko bakoitzean. Erakusketako pieza ugari ontziak dira, eta horietan, paisaiaren oroimena eta artistaren bizipenak gordetzen badira ere, ez daude guztiz beteta. "Ikusleak tartea eta unea izango du ere ontzi hauek bere gogoa eta esperientziaz betetzeko; artea guztiz gauzatzeko".