Sei kasu positibo gehiago atzeman dituzte azken orduetan

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 6a, 13:30

Bederatzi dira eskualdean hautemandako koronabirus kasuak: Zarauzkoez gain, Azpeitian, Azkoitian eta Getarian kasu bana baieztatu dituzte.

Gorakada nabarmena izan du azken orduetan COVID-19a atzemateko PCR probetan positibo eman duten kasuen kopuruak Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian jakitera eman dituen datuen arabera, bederatzi dira eskualdean hautemandako koronabirus kasuak.

Azpimarratzekoa da Zarauzko egoera, sei kasu berrirekin, azken egunetako beheranzko joera hautsiz. Beste hiru positiboei dagokienez, Azpeitian, Azkoitian eta Getarian kasu bana atzeman dituzte. Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 338 kasu hauteman dituzte azken 24 orduetan; horietatik 233 Bizkaian izan dira, 44 Araban eta 57 Gipuzkoan. Hiru lurraldeetan ospitaleratuta dauden gaixoak 57 dira, eta birusaren birsorkuntza tasa, berriz, 1,31koa da.