Bost koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken orduetan

Julene Frantzesena 2020ko abu. 19a, 13:43

Eskualdeko datuei dagokienez, gaur hemezortzi kasu berri atzeman dituzte guztira.

Osasun Sailak jakinarazi ditu dagoeneko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken orduetan izan diren koronabirus datuak, baita herrikakoak ere. Azken egunetan baino kasu gehiago atzeman dituzte Zarautzen; izan ere, atzo bat izan zen, eta gaur bost. Hala, gaurko bost kasuak kontuan hartuta, azken astean 13 kasu berri zenbatu dituzte, guztira.

Arrano taberna itxi dutela ere jakinarazi dute arduradunek sare sozialen bidez, langile batek COVID-19a atzemateko proban positibo eman duelako. Horregatik, prebentzio neurri guztiak hartu nahi dituzte, eta taberna itxita izango dute langile guztiei PCR froga egin eta emaitzak jakin bitartean.

Eskualdeko datuei dagokienez, gaur hemezortzi kasu berri atzeman dituzte guztira –Azpeitian bederatzi, Zarautzen bost, eta Zumaian, Aian, Aizarnazabalen nahiz Azkoitian bana–. Hala, Azpeitia izan da eskualdean positibo gehien detektatu dituzten herria. Hain zuzen ere, Alde Zaharreko koronabirus agerraldiari lotutako beste bederatzi kasu atzeman ditu Osasun Sailak –joan zen ostegunetik 103 kasu, zehazki–.

510 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 510 kasu atzeman dituzte azken orduetan, atzo baino gehiago. Araban 86 kasu, Bizkaian 316 eta Gipuzkoan 81 zenbatu dituzte, eta etxebizitza hiru lurralde horietatik kanpo duten beste 27 lagunek ere eman dute positibo PCR proban. Atzo 90 lagun ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetako ospitaleetan –guztira, 168 daude ospitaleratuta–, eta gaur egun hemeretzi pertsona daude ZIUn.