Zarauzko Udala gustura da erosketa bonuen kanpainak emandako emaitzekin

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 5a, 11:00
Argazkia: Zarauzko Udala

Iker Basurko Garapen Ekonomikoko zinegotziak esan du "harrera bikaina" izan duela Erosi Zarautzen 2020 kanpainaren lehen zatiak. Guztira 119 saltoki eta zerbitzu-enpresak hartu du parte bertan. 

Erosi Zarautzen 2020 bonu kanpainaren lehen zatiak "harrera bikaina" izan duela nabarmendu du Iker Basurko Garapen Ekonomikoko zinegotziak komunikabideetara bidalitako oharrean. Kanpainaren inguruko datuak eman ditu Zarauzko Udalak balorazioan: batetik, 119 enpresak hartu dutela parte uztailean abiatutako kanpainan, eta bestetik, udalak guztira 39.970 euroko inbertsioa egin duela. Diru kopuru horrekin 3.927 bonu banatu dira herriko saltokietan, eta horiek zuzenean eman dizkiete bezeroei.

Hala, herritarrek 20 euroan eskuratu dituzte 30 euroko balioa zuten txartelak gutxienez 30 euroko erosketa egitearen truke, eta udalak ordaindu ditu gainontzeko 10 euroak txartel bakoitzeko.

Basurkok azaldu du ekimenean parte hartu duten saltoki eta zerbitzu-enpresa guztiak ez direla Murkil merkatari elkarteko kide, erdiak inguru baizik, baina askok interesa agertu dutela elkartean sartzeko. "Oro har, saltokiek eskertu dute kanpaina. Zerbitzu sektoreko saltoki gehiago atxiki ez izana faltan bota dugu, baina lanean jarraituko dugu sektore guztietara iristeko kanpainaren bigarren zatian", adierazi du zinegotziak.