Ireki dute Emakumeentzako Jabetze Eskolako ikastaroetako izen-ematea

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 9a, 09:00
Emakumeen* Etxean izango dira Emakumeentzako Jabetze Eskolako ikastaroak. (Dorleta Agiriano Lai)

Irailaren 20ra bitartean egongo da zabalik izen-ematea. Zazpi ikastaro eta egun bateko topaketa bat antolatu dituzte. Emakumeen* Etxea urrian irekitzea aurreikusi dute.

Emakumeentzako Jabetze Eskolak ere heldu dio ikasturte berriari. Oraingoan zazpi ikastaro prestatu ditu Parekidetasun Sailak, urritik abendura egingo dituztenak. "Emakumeen ahalduntzerako baliabideak ematea" da Jabetze Eskolaren helburua, "gizarte matxistak sortzen duen diskriminazioari aurre egiten laguntzeko", Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziaren arabera. "Emakume sareak" ehuntzea eta "elkargune bat" sortzea ere funtsezkotzat jo ditu.

Ikastaro sorta berriari dagokionez, "pandemia izango da ardatzetako bat". Esaterako, "ahalduntze digitala" lantzeko ikastaro bat izango da, "tresna teknologikoak eta informatikoak modu errazean erabiltzen ikasteko"; izan ere, "azken hilabeteotan teknologiak garrantzia handia hartu" duela iritzi diote antolatzaileek, "telelanerako edo sozializaziorako bide gisa".

Bestalde, egun bateko "topaketa" ere prestatu dute ikasturte berriaren hasieran. "Elkarlaguntzeko ahalduntze lapikoa" izena jarri diote ekimenari, eta urriaren 16an izango da, Emakumeen* Etxean. 18:00etan hasita, bertaratzen diren emakumeek bi orduz jardungo dute "bizipen, zailtasun eta beharrak partekatzen", "COVID-19a dela eta bizi dugun egoeratik abiatuz".

Astelehenean ireki zuten ikastaroetako izen-ematea, eta hilaren 20an itxiko dute. Interesa dutenek Parekidetasun Sailaren web orrialdean (www.berdintasunazarautz.wordpress.com), telefonoz (943-00 51 17) edo e-mail bidez (emakumeen-etxea@zarautz.eus) eman beharko dute izena. Mugatuak dira plazak, eta gehienez hamar pertsonak hartu ahalko dute parte ikastaro bakoitzean. Momentuz, aurrez aurreko saioak izango dira, eta Emakumeen* Etxeak emango die leku gehienei. Izan ere, Emakumeen* Etxea urrian irekitzea aurreikusi dute.

Ikastaroak

  • Autozainketan barneratzen: Irune Aranguren. Urriaren 15etik abenduaren 17ra, ostegunetan, 15:00etatik 16:30era. Emakumeen* Etxean. Gazteleraz, 15 euro.
  • Itsasoaren dantza: Ainhoa Alberdi. Urriaren 6tik abenduaren 22ra, astearteetan, 19:00etatik 20:00etara. Emakumeen* Etxean. Euskaraz, 15 euro.
  • Ahalduntze digitala: Natalia Valh. Urriaren 7tik abenduaren 16ra, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara. KZ Gunean. Euskaraz, 20 euro.
  • Osasun emozionala eta mindfullness: Pepa Bojo. Urriaren 7tik abenduaren 16ra, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara. Emakumeen* Etxean. Gazteleraz, 15 euro.
  • Labirintoan zehar: Pepa Bojo. Urriaren 7tik abenduaren 16ra, asteazkenetan, 09:30etik 11:30era. Emakumeen* Etxean. Gazteleraz, 15 euro.
  • Ama izaeraren eragina gugan: Irune Aranguren. Urriaren 19tik abenduaren 21era, astelehenetan, 10:00etatik 11:30era. Emakumeen* Etxean. Euskaraz, 15 euro.
  • Txikian handi sorkuntza laborategia: Iraia Elias eta Amancay Gaztañaga. Urriaren 1etik abenduaren 17ra eta urtarrilaren 7tik martxoaren 11ra, ostegunetan, 18:30etik 20:30era. Emakumeen* Etxean. Euskaraz, 30 euro.