Aurtengoan jai-giroak ez du kaleak hartzerik izan

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 9a, 13:11

Zarauztarren oroimenean iltzatuta geratuko den eguna da gaurkoa: festarik gabeko irailaren 9a. Eguerdirako goraino egon ohi diren txokoetan normaltasuna da nagusi aurten, edo akaso, anormaltasuna, gaurkoa egutegian gorriz markatutako eguna izan ohi dela kontuan hartuta. 

Aurten ez da ez joaldunik, ez trikiti edo txistu hotsik, ez orgarik, ez kaleko hamaiketakorik, ez eta dantzarik. Finean, aurten ez da Euskal Jai Egunik. Musika Plaza, Munoa, Barren Plaza, Lege Zaharren Enparantza edota txosnagune bilakatzen duten Arrona Zaharra bihurtu dira irailaren 9 berezi honen erakusle: pertsona edota talde bakanen bat kaletik oinez nahiz mahaien batean eserita, eta lasaitasun osoa, udaltzainen begiradapean.

Beheko infografian ikusgai dago ezberdintasun nabarmena. Iazko Musika Plazako irudia eta gaurkoa aldera daitezke, eta klik eginez zabaldu edo itxi daiteke irudia.