'Erosi Zarautzen 2020' bonuen bigarren kanpaina jarriko dute martxan

Kanpainarekin bat egin nahi duten saltokiak irailaren 13a baino lehen atxiki beharko dira. Dinamikaren bidez, kanpainaren parte diren dendetan, 10 euroko bonua jasoko dute gutxienez 30 euroko erosketa bat egiten duten herritarrek.

Aurrera doa Erosi Zarautzen 2020 dinamika, eta Zarauzko Udalak bigarren kanpainari heldu dio jada. Oraingo kanpainan parte hartu nahi duten saltokiek irailaren 13a baino lehen egin beharko dituzte atxikitzeko izapideak, horretarako prestatutako dokumentu bat beteta. Udalaren webgunean (www.zarautz.eus), Garapen eta Merkataritza Arloko Bulegoan (Salegi kaleko 14. zenbakia) edo e-mailez eskatuta (gatc@zarautz.eus) lortu dezakete agiri hori. Bulegoari dagokionez, 09:00etatik 14:30era egoten da zabalik.

Herriko denda ugarik itxi behar izan zituzten ateak konfinamendu garaian; hain zuzen, martxoaren 16tik maiatzaren 3ra bitartean. Denbora tarte horretako irabaziak aurreko urteko garai berdinean eskuratutakoarekin alderatuta, %40tik gorako galeak izan dituzten saltokiei zuzendutako egitasmoa da Erosi Zarautzen 2020. Beraz, baldintza hori betetzen dutenek hartu ahalko dute parte.

Kanpaina martxan jartzean, hainbat bonu izango dira eskuragarri parte hartzen ariko diren dendetan, 10 euroko balioa izango dutenak. Hala, gutxienez 30 euroko erosketa bat egiten duten herritarrek jaso ahalko dute txartela. Berrikuntza modura, oraingoan, erosketa berdinean metatu ahalko dira bonuak.

Udalaren arabera, 90.000 euro bideratuko ditu honako kanpainetara.