Zarauzko langabezia tasa %9ra iritsi da abuztuan

%8,9tik %9ra igo da tasa uztailetik abuztura. Joan den hilaren amaieran, 3.609 lagun zeuden lanik gabe eskualdean, Lanbidek emandako datuen arabera.

Konfinamendua martxoan ezarri zutenetik gaur arte langabezia tasak gora egin du etenik gabe Urola Kostan; gauza nabaria da osasun krisialdiak gogor kolpatu duela ekonomia ere. Izan ere, Lanbidek emandako azken datuen arabera, azken hilabeteetako langabezia daturik kaskarrena utzi du abuztuak eskualdean. Hilaren amaieran langabezia tasa %9,5ean zegoen. Apiriletik abuztura pasa diren bost hilabeteetan, %0,4 hazi da tasa Urola Kostan, apirilean %9,1ean baitzegoen. 

Urola Kostako langabezia tasa Gipuzkoakoaren (%11,4) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako batez bestekoaren (%13,7) azpitik dago; eskualdeko batez bestekoa %9,5 da —uztailean %9,3 zen—. Eskualdeko ia herri guztietan egin du gora langabeen kopuruak uztailarekin alderatuta: uztailean baino 99 pertsona gehiago zeuden abuztuaren amaieran. Pertsona kopuruari erreparatuz gero, 3.609 lagun zeuden lanik gabe eskualdean hilaren bukaeran; horietatik 1.991 emakumeak ziren eta 1.571 gizonak. Aipatu behar da, gainera, lanik gabe dauden emakumeen kopurua gizonena baino altuagoa dela eskualdeko herri guztietan.

Honako hauek dira Urola Kostako herrietako langabezia tasak:

  • Aia %6,4 (uztailean, %6,3)
  • Aizarnazabal %12,2 (uztailean, %13,4)
  • Azpeitia %10,7 (uztailean, %10,2)
  • Beizama %8,5 (uztailean bezala)
  • Errezil %6 (uztailean bezala)
  • Getaria %7 (uztailean 6,6)
  • Orio %9,5 (uztailean %9,3)
  • Zarautz %9 (uztailean, %8,9)
  • Zestoa %10 (uztailean, %9,7)
  • Zumaia %9 (uztailean bezala)

Datu horien arabera, Aizarnazabalek du langabezia tasa altuena (%12,2), eta haren ostean dira Azkoitia eta Azpeitia. Herri horiek eta Zestoak gainditzen dute eskualdeko tasaren batez bestekoa; tasa berdina dute Orion, eta baxuagoa gainerako herriek.