Berdinki Zirku Garaikide Konpainia

"Zeharkako balio asko landu daitezke zirkuaren bidez"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ira. 10a, 09:49
(Egoitz Bengoetxea)

Koldo Arakistain zarauztarrak eta Irati Gonzalez Jaimerena irundarrak osatzen dute Berdinki. Igandean Hendaian estreinatuko dute Mikra beren lehen lana, eta emozioz betetako astea ari da izaten bientzat. Erronka ugariri egin diete aurre beren lana burutu ahal izateko, baina oraindik ere zirkuaren bueltako hainbat proiektu dituzte esku artean.

Nortzuk zaudete ‘Mikra’ piezaren atzean?

Irati Gonzalez: Ideia Koldoren eta bion beharretatik abiatu zen. Zirkua modu tradizionaletik aterata kontatu nahi genuen, ez zirku teknikak erakutsita soilik, baizik horien bidez mezu bat igorrita. Behar hori martxan jartzeko lantalde bat sortu dugu, gure mezua helarazteko egokiak iruditzen zaizkigun kideekin. Lantaldean daude Amancay Gaztañaga eta Iraia Elias antzerkigileak, Ane Arruti musikaria eta lantzen ditugun gizarte gaietan aditua den Eider Goiburu.

Koldo Arakistain: Iratik eta biok elkarrekin entrenatzen genuen, elkarrekin ematen genituen klaseak, eta eszena elkarbanatzen genuen Gure Zirkuan. Karrikan plataformaren berri izan genuen, eta bertako lehiaketara aurkeztutako hamazazpi proiektuen artean gurea aukeratu zuten finalista izateko. Une horretan oraindik ez genuen konpainiarik, eta orduan sortu zen Berdinki Zirku Garaikide Elkartea. Berdinkiren lehen lana izango da Mikra.

Nola definituko zenukete 'Mikra'? Zenbat du antzerkitik eta zenbat zirkutik?
I.G.: Galdera ona da, baina ez dakit erantzuna erraza den. Akrobazia tekniketatik abiatutako pieza da, baina kontziente gara antzerkigintza ere beharrezkoa dela guk kontatu nahi dugunerako. Zenbat daukan antzerkitik eta zenbat zirkutik zaila da esaten, baina zirkutik asko dauka. Zirkuaren bidez lantzen ditu botere harremanak eta estereotipoak.

Zirku tradizionaletik kanpo nahi zenuten egin zerbait. Nondik sortu zen behar hori?
K.A.: Nire ikuspuntutik, zirku garaikideak beste arte eszenikoetatik gehiago dauka. Guk nahi genuen istorio bat kontatu, lengoaia akrobatikoaren bidez. Ez genuen nahi izatea zerbait diskurtsiboa, hitzen bidez azaldu behar zena. Guk egiten ditugun akrobaziekin irudiak sortzen ditugu,  eta argi geneukan nahi genituen gai horiek iruditegi potente batzuen bidez abordatu nahi genituela eszenan, zer pentsatua emateko. 

Zenbat denbora daramazue pieza honetan lanean?
I.G.: Lehiaketa irabazi genuen 2019ko irailaren amaieran. Sortze prozesua orduan hasi zen, eta oraindik ere ari gara sortzen. Estreinaldia igandean daukagu, baina pieza hauek pieza biziak izaten dira normalean, eta oraindik ere prozesu horretan gaude. Tartean izan dugun pandemia mundiala, berriz, erronka handia izan da guretzat, baina, hala ere, aurrera egin dugu.

Iganderako estreinaldiari begira, zer moduz zaudete? 
I.G.: Gure urduritasuna badaukagu. Pandemiaren eraginak tarteko, aspaldi ez gara atera publikoaren aurrera, eta kezkak baditugu. Bestalde, lehenengoz daukagu gure pieza propioa, eta horrek sortzen dizkigu emozio positiboak, baina baita zalantzak ere. Orain behar dugu txispun egin eta estreinatu behingoz, ikusi benetan pieza hau kalera doala, ez dela geratuko lau hormen artean. 

K.A.: Lantzen ditugun gaiak mardulak dira, eta Eiderrekin lanketa egiten hasi ginen duela urtebete. Ikusten duzunean ereindako hazi txiki horretatik ari dela fruitua hazten, fruitu hori ken dezakezunean zuhaitzetik eta jendeak ikus dezakeenean... emozioak asko dira, eta ez bakarrik eszenan. Azkenean, gauza mordoa hartu behar dira kontuan; esaterako, eguraldi kontuak. Jaialdi batzuk prestatuta daude dena barrura pasatu ahal izateko, baina beste batzuk ez. Euskal Herrian bizi gara eta horrelako kontuetarako eguraldi aldetik data onenak zirenak joan dira nahiko emanaldi gutxirekin. Gure kasuan, sorkuntza prozesua atzeratu egin zen, eta udaran pare bat lekutatik deitu ziguten, baina pieza oraindik amaitu gabe zegoen. 

I.G.: Karrikanekin lotuak zeuden saio batzuk bertan behera geratu dira. Orain estreinatuko dugu, baina laster negua iritsiko da, eta kaleko piezek neguan Euskal Herrian ez daukate lekurik. Horrek eragin digu, baina bultzada eman ere bai, eta pentsatu dugu agian egokitu beharko genukeela lana aretora, edo beste alternatibaren bat bilatu. 

Kudeaketa lanekin egin duzue topo.
I.G.: Bai, honek lan asko dauka: konpainia kudeatu, gestioa eta administrazioa eraman... baditu adar asko ez gaudenak eramateko prestatuak. 

K.A.: Lan asko, maila askotan. Administratiboaz gain, gure lanak prestatzeko espazioak behar dira. Esaterako, kalean akrobazia aereoa nahi baduzu egin, behar duzu egitura bat, eta egitura horrek behar du altuera jakin bat. Gero entseatzeko behar duzu altuera konkretu bat daukan areto bat, baina gaur egun ez daude espazio asko eta daudenen eskaria handia da. 

Itxialdiak asko eragin dizue sortze prozesuan?
I.G.: Bai, bi hilabeteko geldialdiaren ondoren sortzen jarraitzea guretzat erronka handia izan zen. Nondik hasi? Jada ez zegoen puntu berean, pasa ziren bi hilabete oso berezi, inork espero gabe etxean sartu gintuztenak, eta horrek dena aldatu zuen. Azkenerako nik alde positiboa ere topatu diot, baina egia da zerbait oso handia izan dela berriro hartzea utzi genuen puntutik. Nahiko harro gaude pieza bukatu izanaz.

K.A.: Azkenean, lantalde bat dago atzean. Espazioekin datak adostu behar dituzu, eta itxialdi horrekin agenda guztia berriro egitea oso zaila zen. 

Nola uste duzue dagoela zirku garaikidearen mundua Euskal Herrian? 
K.A.: Entrenatzeko espazioei dagokienean, Gipuzkoan bakarra geneukan, Adunan; baina pandemiagatik espaziorik gabe geratu ginen. Orain espazio berri bat sortu dugu Adunan bertan: Zirkuola. Zirkuan ekintza fisikoez gain sormena, emozioak eta gauza asko landu daitezke, eta guretzat oso garrantzitsua da praktika horiek euskaraz transmititzea.

I.G.: Euskal Herrian badaude espazioak, batez ere Bizkaian, baina egia da Gipuzkoan espazio bakarra zela Adunakoa. Orain sortu nahi dugu espazio erreferente bat gipuzkoarrak hurbildu ahal izateko. Bestetik, gure behar teknikoak oso handiak dira. Altuera behar da, egiten duzu diziplinaren arabera lur egokia, koltxonetak... materialak badauka garrantzia eta garestia izaten da. Badugu proiekzio eta esperantza handia Zirkuolan aurrera egiteko, ez dagoelako horrelako lekurik, eta gizarteak behar du. Are gehiago orain gauden momentu honetan. Ezin dugu elkar ukitu ere egin eta jendea shock egoeran dago. Uste dugu zirkuak balio duela zeharkako eta zuzeneko balio asko lantzeko, eta kulturak eta arteak asko lagundu dezakete bizi dugun egoera honetan.   

Hiru saio datozen asteetarako

Aurreikusita zituzten emanaldietako batzuk bertan behera geratu badira ere,  igandean Hendaian izango dira Arakistain eta Gonzalez, Mikra estreinatzen. 17:30ean izango da emanaldia, Gaztelu zahar frontoian. Irailaren 16an, asteazkena, Bilbon eskainiko dute emanaldiaren bigarren saioa, Errekalde plazan, 19:30ean, Zirkualde jaialdiaren barruan. Urriaren 2an, berriz, Leioako Aldapa auditorioan izango dira, 21:00etatik aurrera.