Lau kasu positibo berri zenbatu ditu Osasun Sailak Zarautzen

Guztira 8.389 PCR proba egin zituen atzo Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %7,5ak eman zuen positibo. Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zarautzen launa kasu berri zenbatu ditu Osakidetzak, eta bakarra Zumaian.

Eskualdean 17 kasu positibo berri atzeman ditu Osakidetzak. Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zarautzen launa kasu zenbatu ditu Osasun Sailak, eta kasu bat Zumaian. Gainerako eskualdeko herrietan ez da kasu berririk izan. Herenegun egindako PCR probetan zortzi kasu agertu ziren, atzo baino bederatzi gutxiago.

Osasun Sailak 8.389 PCR proba egin zituen atzoko egunean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta guzti horietatik 635 lagunek eman dute positibo (%7,5). Araban 97 kasu atzeman zituen Osakidetzak atzo, 342 Bizkaian eta 174 Gipuzkoan. Halaber, hiru lurraldee horietatik kanpo bizi diren 22 lagunek ere eman dute positibo.

Atzo 55 lagun gehiago ospitaleratu zituzten gaitzak jota, eta Osasun Sailak emandako datuen arabera, 233 lagun daude egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) 55 lagun daude. RO indizea, berriz, 1,04 da Osakidetzaren arabera.

Nafarroan, berriz, gorakada nabarmena izan du positibo kopuruak azken orduetan: 340 zenbatu dituzte, pandemia hasi zenetik egun bakar batean izan duten kopuru altuena. 3.148 PCR proben emaitzak dira horiek; egindako PCR-en %10,6 izan dira positiboak. Pertsona bat hil da azken orduetan COVID-19 gaitzak jota eta 18 lagun ospitaleratu zituzten atzo Nafarroako ospitaleetan gaitz horrekin, baina horietako inor ez ZIUn.