Udazkenean zabaldu da atea

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ira. 10a, 14:15
Itziar Iruretagoiena eta Yoseba Peña antolatzaileak, eta Irune Urbieta Kultura zinegotzia. (Amaia Urbieta Arruti)

Hitza da giltza lelopean, irailaren 25, 26 eta 27an egingo da aurtengo Literaturia. Modelo aretoan eta Lege Zaharren enparantzan egingo dira ekitaldi guztiak. Oztopoak oztopo, egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek beste urte batez. Ikusi hemen egitaraua.

Udaberrian izan ohi dute hitzordua euskal literaturzaleek Zarautzen; gainontzeko ekitaldi guztiak bezala, ordea, ezin izan zen Literaturiarik egin maiatzean. Antolatzaileentzat garrantzitsua zen "bizirautea", eta artistei zein kulturzaleei urteroko aukera eskaintzea. Hala, irailaren 25, 26 eta 27an egingo da Literaturia aurten. Oztopoak oztopo, egitarau oparoa osatu dute beste urte batez, eta prestatu dutenaren nondik norakoak azaltzen aritu dira gaur goizean Itziar Iruretagoiena eta Yoseba Peña antolatzaileak, Garoa liburu dendan.

Peñak Zarauzko Udalak emandako bultzada eskertu du lehenik, urteroko azokan karpa handi bat jartzeko dirulaguntza handitu zuelako eta, geldialdiaren ondorioei aurre egiteko aurrekontuen egokitzapenaren barruan, murrizketa espero baino txikiagoa izan delako. Karpa hori garrantzitsua izango da bereziki aurten, antolatzaileei lagunduko dielako segurtasun neurriak bermatzen eta edukierak kontrolatzen. 

Liburu aurkezpenak azokan

Atea da aurtengo jaialdirako aukeratu duten ikurra, eta hitza da giltza izango da leloa. "Paradoxikoki, oso ondo dator pandemiaren gaiarekin. Enpresariek-eta esan ohi dute krisietan arriskua egoten dela, baina baita bide berriak egiteko aukera ere", lotura egin du Peñak. Hain zuzen ere, egoera korapilotsu honen aurrean batu egin dira euskal kulturako hainbat eragile, eta sinergiak bilatu dituzte sinesten duten horren alde indarrak batzeko. Durangoko Azoka, Ahotsenea, Galdakaon antolatzekoak diren jaialdi berri bat, Araba Euskaraz eta Literaturia elkarleanean ariko dira euskal kulturgileen lan berriak herritarrei helarazteko. Liburu aurkezpenak denen artean koordinatuta egingo dituzte, eta horietako hainbat Literaturian izango dira, Lege Zaharren Enparantzan jarriko duten karpan. Leku berean urteroko azoka ere egingo da, eta bertan izango dira hainbat argitaletxe beren berrikuntzak aurkezten; baita Garoa liburu denda ere, aurtengoan denda bera Literaturiako espazio izango ez den arren, jaialdiaren parte izaten jarraitzen duelako.

Itzulpengintzari aitortza

Iaz estreinakoz eskaini zuten Literaturiako oroigarria. Anjel Lertxundi izan zen omendua eta, aurtengoan, euskal itzulpengintzari egingo diote aitortza. EIZIE euskal itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteen elkartea omenduko dute; ekitaldi horrexekin inauguratuko dute azoka larunbatean, 12:00etan.

Bestalde, Modelo aretorako ere ekitaldi sorta joria antolatu dute. Itzulpengintzaren inguruko mahai ingurua, umeentzat ipuin kontaketa musikatua, Pettiren kontzertua... jakitera eman dutenez, aurrerago azalduko dute ekitaldi horietara bertaratzeko sarrerak non eta noiz lor daitezkeen. 

Etxeko txikienei eskainitako ekitaldiak ere izango dira aurtengo Literaturian. Literattipia atalean Leire Bilbao idazle ondarrutarra omenduko dute; Ateko zirrikitutik izeneko ipuin kontaketa egingo du Modelon igandean, eta ondoren egingo diote aitortza. Itziar Iruretagoiena antolatzaileak adierazi duenez, aurtengo gorabeherak direla-eta ezin izan dute ikastetxeekin elkarlanean jardun, baina aurtengo berrikuntza izango da Literaturiaren bueltako jolas interaktiboa. Jolas hori eskolen bidez bidaliko diete haurrei, eta Literaturiaren webgunean edonoren eskura jarriko dute, parte hartu ahal izateko.

Prentsaurrea biribiltzeko euskaltzale guztiak gonbidatu nahi izan dituzte antolatzaileek Zarautzera, krisi garaietan kultura "helduleku" delako. "Urtearen bigarren zati honetako lehen jaialdi handia izango da. Esperimentu modukoa izango da Durangoko Azokarako, baina dena oso ondo pentsatua daukagu, lan asko egin dugu eta segurtasun osoa eskainiko dugu". 

Ikusi hemen jaialdiko egitarau guztia.