Hilaren 25era arte egongo da zabalik udal euskaltegian matrikulatzeko epea

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 11a, 10:00
Alitxu LarraƱaga eta Irune Urbieta, ikasturtearen aurkezpenean. (Dorleta Agiriano Lai)

Ikasturte honetan ere bi aukera izango dituzte ikasleek Zarauzko Udal Euskaltegian: aurrez aurreko eskolak edo autoikaskuntza. 250 pertsona inguruk eman ohi dute izena urtero, eta "emaitza onak" lortzen dituztela baieztatu dute.

Zarauzko Udal Euskaltegiak 38. ikasturtea du honakoa. Irailaren 3an ireki zuten aurtengo matrikula egiteko epea, eta euskaltegiko zuzendari Alitxu Larrañagak atzo azaldu zuenez, hilaren 25era arte egongo da zabalik.

Aurten ere "eskaintza zabala" izango da. Batetik, autoikaskuntza da euskaltegiak eskaintzen duen aukeretako bat. Ikasleek etxetik ikasi ahalko dute, EuskaraOn izeneko euskarri birtual baten bidez. Oinarrizko mailan matrikula egin duten ikasleek tutoretza bat izango dute astean, ordubetekoa. Maila aurreratuagoa duten ikasleek, berriz, hamabost egunean behin behin izango dute saio hori. Gainera, astean behin, mintza-saioan jardungo dute ikasleek, ordubetez edo ordu eta erdiz.

Bestetik, aurrez aurreko taldeak osatuko dituzte, eta horietan, bi orduko eskolak izango dituzte ikasleek. A1 eta A1 mailakoak hastean lau egunetan joaten dira klasera, astelehenetik ostegunera. B1, B2 eta C1 mailakoak, aldiz, astean hiru egunez jarduten dute: astelehenetan, astearteetan eta ostegunetan. Goizez, arratsaldez nahiz iluntzean izan ohi dira eskolak.

Neurri bereziak aurten

Larrañagaren esanetan, maila bakoitzeko, gutxienez zazpi pertsonak eman beharko dute izena taldea osatzeko. Dena den, aurtengo neurri bereziak direla eta, maila berdinean zazpi lagun baino gehiagok parte hartu nahiko balute, bitan banatuko lukete taldea. Hala gertatuko balitz, astean bi aldiz euskaltegian eta beste bi aldiz etxetik arituko beharko luke azpi-talde bakoitzak, txandaka.

Agiriak eskuragarri

Aurten ere, bestalde, euskara agiriak lortu ahalko dituzte ikasleek. A1, A2 eta B1 mailako ikasleei dagokienez, urte osoko ebaluazio jarraituaren eta ikasturte amaierako azterketaren bidez eskuratuko lukete agiria. B2, C1 eta C2 mailakoek, ordea, HABEk edo beste instituzioren batek prestatutako azterketetara aurkeztu beharko lukete.

Irune Urbieta Euskara zinegotziaren arabera, "emaitza onak izaten dituzte euskaltegiko ikasleek, bai HABEk antolatutako azterketetan, baita bestelakoetan ere". Ikasturte bakoitzean 250 bat ikaslek ematen dute izena udal euskaltegian.

Aurten ere beka-sistema bat erabilgarri izango dute euskarako ikasleek: matrikularen zenbatekoaren %75 itzuliko die Zarauzko Udalak, baldin eta eskola-orduen %80 betetzen badituzte. Langabezian dauden pertsonen kasuan, zenbatekoaren %100 bueltatuko zaie, baldintza berdina betez gero. Gainera, HABEren azterketaren bat gainditzen duten ikasleek dirulaguntza bat galdegin dezakete, HABEk eta udalak osatuko luketena.