Herritarren hausnarketak, alarma egoera hasi zenetik urte erdia igaro denean

Kazetari, surflari, idazle, erizain eta haur banak azken sei hilabeteen inguruko hausnarketak egin dituzte. Arazo berberak eraginda, haien egunerokoa ere hankaz gora jarri zen egun batetik bestera, eta bakoitzak bere ondorioak atera ditu gertatzen ari den honetatik.

Duela sei hilabete herritarren egunerokoa erradikalki aldatu zen. Espainiako Gobernuak etxetik ez irteteko agindua eman ostean, besterik ez zen agertzen titularretan. Hamaika adjetibo dira egokiak atzetik etorri ziren sei hilabeteak deskribatzeko: nahasgarriak, kaotikoak, ziurgabeak... Egun hartatik urte erdia igaro den honetan, atzera begira jarri ditugu pandemia ikuspuntu ezberdinetatik bizi izan duten hainbat herritar, eta bizitakoen inguruko hausnarketak eskatu dizkiegu.

Yoseba Peña idazlea: "Euskal kultura beti egon da larrialdian, baina orain ZIUn gaude"

Nolakoak izan dira sei hilabete hauek kulturarentzat?

Kolpe izugarria izan da. Pandemiak gizartearen autopsia aurreratua egin du, eta gure arazo guztiak agerian geratu dira. Euskal kulturaren arazoak areagotu dira eta ikusi da instituzioen bermea falta dela, publiko gutxi dagoela eta gure kulturgileen egoera prekarioa dela. Hori dena areagotu da. Krisi guztietan sortzen dira aukerak eta, gure kasuan, oso kezkatuta gaude kulturgileok. Ahal dugun moduan batzen ari gara gauza berriak sortzeko, sinergiak aprobetxatzeko. Orain, esaterako, liburu aurkezpenak Galdakaoko jaialdi baten, Ahotsenearen eta Literaturiaren artean egingo ditugu. 

Behar besteko apustua egiten al da kulturaren alde?

Horrelako gauzak ezin dira lortu ez bada euskal kultura erdigunean jartzen eta ez badugu onartzen kultura hori dela gure muina. Zentzu horretan, oso kaltetuta atera da eta, paradoxikoki, kultura izan zen bizirik eta esna mantendu gintuen gauzarik inportanteena itxialdian. Ikusita zer paper garrantzitsu izan duen, konfinamendua pasa denean instituzioak gutaz ahaztu dira. Euskal kultura beti egon da larrialdian, baina orain ZIUn gaude. Hemendik ere aterako gara, baina kontua da nola ateratzen garen, esaterako, jakiteko modukoa da bidean zenbat kulturgilek topatu behar izan duten beste lan bat.

Zure kasuan, Hariak sentikaria berriro plazaratzeko aukera sortu zaizu, Bilboko Loraldia jaialdian.

Bai, Bilboko Udalak sekulako murrizketa inposatu dio Loraldiari, baina behintzat gauza batzuk salbatu ahal izan dituzte; horien artean, gurea. Gu oso pozik gaude, berriro oholtzaratzeko aukera itzela da eta Rafa, Iraia eta Nahikari ere pozarren eta emozionatuta daude, ez genuelako horrelakorik uste. Nolabait, itxitzat ematen genuen kapitulu hau eta nik uste honek emango digula hauspoa beste plaza batzuk bilatzeko.

Ainara Agirre, erizaina: "Ikasi dugu begiekin ere barre egin daitekeela"


Atzera begira jarrita, zer hausnarketa egiten duzu?

Uste dut argi geratu dela ez garela ezer mundu honetan, nahiz eta gure ustez onenak izan. Uste dut inork ez zuela gehiegi espero ikusi ere egiten ez dugun zomorro batek egun batetik bestera mundua gelditu eta bakoitza bere etxean sartuta egotera behartuko gintuenik. Horrela ikasi dugu apur bat gelditzen horren azkar bizi garen mundu honetan. Batzuek denbora hori baliatzen jakin dute, beren buruarekin hainbeste  denbora egon eta gehiago ikasteko erabili. Uste dut hemen bakoitzak atera duela zerbait "soberan" eduki dugun denbora horretatik.

Lanari dagokionean, zaila iruditzen zait laburbiltzea, oso denbora gutxian sentimendu asko bizi izan ditugulako. Beldurra, desordena, inpotentzia, tristura, nekea... denetik. Baina sortu zen kaos horretan inoiz baino elkartuago egon garela iruditzen zait. Jende berri asko, protokolo aldaketak, egun batetik bestera ikasi beharreko gauza berriak... beti ere eramangarriago dira lankide onekin. Asko lagundu diogu elkarri, eta lanetik kanpoko laguntza ere izan dugu beti; 20:00etako txalo horiek ere bizi izan ditugu. Esker oneko eskutitz eta mezu pila bat jaso ditugu; zuek zarete gure benetako indarra honetan segitzeko.

Nola ikusten duzu egoera orain?

Orain jarraitu egiten dugu, hemen ez baita ezer bukatu oraingoz, zoritxarrez. Pertsona asko hil da, beste batzuk sendatu ere bai, baina halere, iruditzen zait inor ez dela benetan arduratzen gertu tokatu arte. Denok egin ditugu gauzak gaizki, baina enpatia gehiago behar du mundu honek, denerako. 

Extralurtarrez jantzita lan egitea tokatzen zaigunok ikusi dugu begiekin ere barre egin daitekeela. Ez dela berdina eskularruak dituen esku bat heltzea. Musukoekin ahoa eta sudurra (ez ahaztu hori ere estali behar dela!) estali dizkigutenetik konturatu gara zenbat inporta duten irribarreek, eta zenbat gustatzen zaizkigun besarkada eta muxuak, debekatuta daudenetik. Ospitaleetan bisitarik ez dagoenetik ohartu gara kolore denetako pilulek baino gehiago sendatzen duela konpainiak: familiak, lagunek eta gertuko pertsonek. Izan ere, gaixotasuna bera gogorra izan da, baina bakardadeak are gogorrago egin du. Ohartu gara egindako bideodei horiek denak zer garrantzitsuak izan diren esperantza izaten jarraitzeko eta aurrera jarraitzeko. Ez baitago botika hoberik maitasuna baino.

Aitor Frantzesena 'Gallo', surflaria: "2020az ari gara, baina ni 2021ean izango dugun egoerak kezkatzen nau"

Atzera begira, zer ikasi duzu gertatu denaz?

Ikasi dut gaixotasuna jendeak uste duena baino konplexuagoa dela. Ez dut ulertzen nola dagoen hainbeste jende, birusa harrapatu eta ezer gertatzen ez zaiona; eskema guztiak hausten dizkit. Hedabideetan entzuten duzu jende ezagunak birusa harrapatu duela, eta ez zaiola ezer gertatzen. Hori oso arraroa eta ulertzeko oso zaila egiten zait. 

Horrez gain, uste dut jendea ez dela ari gaia hartu beharko genukeena bezain serio hartzen. Jendeak pentsatzen du heltzen zaion informazioa ez dela benetakoa, eta normala da, hainbeste gauza entzuten dira, eta hainbeste informazio geratzen da airean, ezen jendeak jada ez duen ezer sinesten. Horrenbesteko nahasmenak jendeari eragin dio ahaztea gaitza zeinen indartsua den. Nik gaitza harrapatu nuenean oso gaizki pasatu nuen, beraz, ezin dut ulertu jendeak nola egiten dion aurre horren erraz. Uste dut jendeak ez duela oso serio hartzen kontua orain, baina iruditzen zait hori normala dela, ez dugulako ikusten zein den errealitatea. Noizean behin entzuten duzu jendea hiltzen dela ZIUn, baina ez dakigu egia zein den, datuez eta zenbakiez ez garelako fidatzen. Azkenean jendeak bizitzen jarraitzen du, eta hori da normalena.

Biharko egunerako zerk kezkatzen zaitu?

2021ak, izugarri. 2020aren amaiera gainean dugu dagoeneko, eta ikus dezakegu urtea oso modu zailean bukatuko dutela askok. Ni ez naiz igarlea, eta ez naiz honetaz hitz egiteko pertsonarik egokiena, baina nire inguruan entzuten hasia naiz pobretasuna heltzen ari dela. Jende asko dago lanik gabe, eta kontuak asko aldatu ezean, 2021a oso txarra izango da. Oso pertsona positiboa naiz, baina ingurura begiratuta, hori besterik ezin dut pentsatu. Politikariek ezin dute jarri ados beraien artean, lanaren aldi baterako erregulazio txostenekin dabiltzala entzuten diot mundu guztiari, Europar Batasunaren laguntzak berandu arte ez dira helduko... horregatik, uste dut 2021ean jende askok gosea pasako duela, eta gosea dagoenean, jendea kalera irteten da. Aurkakoa esatea gustatuko litzaidake, baina horrela ikusten dut kontua. Espero dut ez dudala arrazoirik izango!

Gurutze Izagirre, kazetaria: "Kazetaritzaren ikuspegitik apartekoa da gertatzen ari dena"

Nolakoak izan dira zuretzat azken sei hilabeteak?
 
Berria-ko erredakzioa etxeetara eraman dugu. Zein gairi emango diogu lehentasuna? Nola garatuko dugu? Norekin hitz egingo dugu? Hau nola jarriko zenuke? Erredakzioan egiten diren eguneroko kontraste asko zaildu zaizkigu, eta eguna antolatzeko egin beharreko kontrasteak iragan mendean jaiotako gazteek dugun trebakuntza teknologiko mugatuarekin egin ditugu. Bidean galdu dugu lankide bat, minbiziarekin, eta etxeko bakardadean egin dugu harengatik ere negar.
 
Baina elkarri eusten egin dugu sei hilabeteotako lana, eta udazkena xamurragoa izango ez denaren jakitun, elkarren arteko zaintzari eutsiz segituko dugu. Kazetaritzaren ikuspegitik apartekoa baita gertatzen ari dena, eta tamaina horretan ahalegintzen gara gertatzen ari dena ertz askotatik ulertzen eta kontatzen, Euskal Herritik begiratuta. 
 
Zein da egiten duzun hausnarketa?

Egunero mirari txiki bat gertatzen dela esaten diogu batzuetan elkarri. Batzutan Skype joan egiten da, anydesk ez dabil, konexioa galtzen dugu, ezin dugu ordenagailua erabili alabak eskolarako behar duelako... eta uste duzunean egunen batean: "uf, gaur ez dugu hau bukatuko", beti dago norbait indarrak ateratzen dituena bukatzeko eta ateratzeko. Egunero egunkari bat ateratzea lortu dugu pandemia baten erdian Euskal Herriko bazter askotako etxeetatik eginda egunerokoa. Nire pribilejioen zerrendan beste bat apuntatu dut: sekulako lantaldea daukat. 
 

Alex, 8 urteko haurra: "Ikastolak kartzela ematen du orain"

Nola igaro zenuen konfinamendua?
Etxean pixka bat aspertuta egon nintzen, baina eskulanak eta beste gauza pila bat egin genituen. Jostailuekin ere jolasten nintzen, eta batzuetan telebista ikusten nuen. Zailena izan zen nire aitarekin eta amarekin jolastea, ni ohituta nagoelako lagunekin jolastera. 
 
Atera zinenean zer zen egin nahi zenuena?
Portua ikustera joan nahi nuen, ikusteko nola zegoen puskatuta.
 
Eskolara itzulera zer moduz?
Ikastolak kartzela ematen du. Gauza asko ezin ditugu egin. Adibidez, ezin dugu beste gelako lagunekin jolastu, eta komunera joateko ilara luzea egoten da. Ikastola lehen zegoen bezala egotea nahi dut, oso gustura etortzen nintzelako.
 
Ikasi al duzu zerbait honetatik guztitik? 
Ez.