Denboraldi berriari heldu dio Arraio Irratiak, berrikuntzekin

(Arraio Irratia)

2020-2021 denboraldiko "parrila" osatzen ari dira Arraioko kideak. Iragarri dute "klasiko bihurtu diren saio batzuek agur esango digutela" aurten, baina "saio berriak ere prest" badituztela.

Arraio Irratiko kideek uztailaren 7an eman zuten amaitutzat 2019-2020 denboraldia. Pandemiak "utzitako markari" aurre egin eta haien "jarduna egiteko bideak aurkitu" ostean, bi hilabeteko oporraldia hartu zuen "Zarauzko Irrati Askeak". Hala, uztailean eta abuztuan zehar udako programazioa eman dute Putzuzulo gaztetxeko uhinetatik, eta orain, irailean sartuta, denboraldi berriari heldu diote.

2020-2021 denboraldiko "parrila" prestatzen ari dira orain Arraioko kideak, eta bitartean, beroketa lanekin hasi dira. Aurreko astelehenetik, irailak 7, Hala Bedi irratiko Hizpidea eta Suelta la olla saioak entzuteko aukera izan da 99.3 frekuentzian eta arraio.eus atarian. Arratsaldetan, aldiz, Arrosa Sarearen Zebrabidea magazina eman dute.

Arraiok dei egin die zarauztarrei, "irratsaio bat egin nahi izanez gero", kideekin harremanetan jartzera. "Denboraldia hastera goaz eta oraintxe duzue aukera bikaina gure mikrofonoetara hurbiltzeko", gaineratu dute.

Uztailean iragarri zutenez, "klasiko bihurtu diren saio batzuek agur esango digute" aurten. Dena den, "saio berriak ere prest" dituztela jakinarazi zuten.