Zarautzera ere iritsiko dira Ondarearen Europako Jardunaldiak

Xanti Iruretagoienaren argazki bilduma Sanz Enean izango da ikusgai.

Irailetik azarora bitartean egingo dituzte Gipuzkoako hainbat herritan jardunaldiak, tartean, Zarautzen. Lurraldeko ondareari balioa emateko, herritarrengana hurbiltzeko eta kontserbazioaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko antolatu dituzte jardunaldiak. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak Ondarearen Europako Jardunaldien bosgarren edizioa antolatu du. Lurraldeko ondareari balioa emateko, herritarrengana hurbiltzeko eta kontserbazioaren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko antolatu dituzte jardunaldiak. 40 udalerritan zehar egingo dituzte ekitaldiak, 107 jarduera eta 141 ekitaldi eskaintzeko. Zarautzen izango dira horietako bi. “Kultur ondasunek duten eginkizuna baliagarria da gizarte kohesioa eta kultur identitatea indartzeko”, azaldu dute.

Europako Kontseiluak 2020ko jardunaldietarako proposatutako leloa ‘Ondarea eta Hezkuntza’ izan da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egingo dituzten jardunaldiak aldundiekin eta Jaurlaritzarekin antolatu ditu Gipuzkoazko Foru Aldundiak. Jardunaldiek helburu bikoitza dute antolatzaileen esanetan: batetik, ondarearen inguruko transmisioak, hedapenak, eta hezkuntzak ondarea kontserbatzeko duten garrantzia azpimarratu nahi dute, horrela, herritarrek ondarea eskuratu, gozatu eta gorde dezaten zein etorkizuneko belaunaldiei transmititu diezaieten. Bestalde, mota guztietako hezkuntza erakundeek sortu duten materia ondarea eta materiagabea nabarmendu nahi dute. 

Zarautzen bi ekitaldi egingo dituzte. Urriaren 1etik azaroaren 1era bitartean, Xanti Iruretagoienaren argazki bilduma ikusteko aukera egongo da egunero 18:00etatik 20:00etara, Zarauzko Sanz Enea Kultur Etxean. Iruretagoiena argazkilariak bere lanbidea 1978-2001 urte bitartean garatu zuen Zarautzen. Estudioko lanaz gain, eskualdeko gertaeren lekuko ere izan zen Iruretagoiena. Izan ere, bertako kirolen, gizartearen, obren, erlijio ekintzen eta abarren gertakarien testigantza utzi zuen zarauztarrak. 2018. urtean, Zarauzko Udalari eman zion bere artxiboa eta udalaren enkarguz. Photomuseumek, berriz, lan horren digitalizazioa egin du, eta material hori ardatz hartuta egingo dute erakusketa Sanz Enean. Informazio gehiago jasotzeko, deitu 943-00 51 20 telefono zenbakira edo idatzi erakusketak@zarautz.eus helbidera. Zarauzko Udalak eta Photomuseum Euskal Argazki Museoak elkarlanean antolatutako ekitaldia izango da.

Urriaren 20an, Zarautz On-ek antolatuta, Picasso Les demoiselles d’Avignon lana osatzera nola heldu zen izango dute hizpide Antoniano aretoan, 19:30etik aurrera. Euskal arte berria Gernika koadroaren autorearekin lotuko dute. Angel Uranga margolari zarauztarrak zenbait margolanen bidez Les demoiselles d’Avignon konposizioan dauden ezkutuko sekretuak erakutsiko ditu. Arte modernoaren hastapentzat hartuta, bere heltzeko bidea, koadroan eta gero zer gertatzen den erakutsiko du. Plaza mugatuak izango dira, eta euro bat ordaindu beharko da. Informazio gehiago jakiteko, 653 97 83 63 telefono zenbakia eta anuranga@hotmail.es helbide elektronikoa zabaldu dituzte antolatzaileek.

Ekitaldiak eskualdeko gainontzeko herrietan

Azkoitia

Azkoitian bi ekitaldi egingo dituzte, biak Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatuta. Irailaren 19an eta urriaren 3an, Josu Aramberri Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioak argazki ondareak kultur eta hezkuntza baliabide gisa duen balioa aurkeztuko du. Intsausti jauregian 11:30ean hasita, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak digitalizatutako eta Interneten argitaratutako argazki artxiboa aurkeztuko du hark. XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako irudiak izango dira ikusgai; besteak beste, musika, antzerkia, industria erakusketak eta artistikoak zein Gipuzkoako marinel ospetsuak. Funts horiek guztiak “kultur baliabide eta hezitzaile baliotsuak” direla azaldu dute antolatzaileek. Doako ekitaldia izango da, baina aurrez izena eman beharko da, eta informazio gehiago lortzeko deitu 648 19 85 16 telefono zenbakira edo idatzi josu.aramberri@gmail.com helbide elektronikora.

Azkoitiko bigarren ekitaldia urriaren 25ean izango da. 12:00etan hasita, 1803. urteko Broadwood pianofortearen aurkezpena eta kontzertua egingo dituzte, Intsausti jauregian. 1803an Londresko ‘John Broadwod & Son’ enpresan egindako Broadwood pianofortearen aurkezpen teknikoa egingo du Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Adiskide Numerarioa den Esteban Elizondok. Intsausti jauregian dagoen pianofortea “ale arraroa” izateaz gain, “aparteko balio historikoa” duen instrumentua dela azaldu dute antolatzaileek. Aurkezpenaren ondoren, gainera, italiar interpreteen, pianisten eta sopranoaren kontzertu bat ikusteko aukera egongo da. Ekitaldia doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da. Informazio gehiago eskuratzeko, 649 12 48 20 telefono zenbakia eta comisiongipuzkoa@bascongada.e.telefonica.net helbide elektronikoa eman ditu antolakuntzak.

Getaria

Goi-mailako joskintzako maisuaren jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko, Cristobal Balenciaga Museoak antolatutako Cristobal Balenciagari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra egingo du urriaren 1ean eta 2an. Jostunaren irudiari eta ondareari buruzko lan eta ikerketa-proposamen berritzaileak azalduko dituzte nazioarteko biltzar akademikoan. Horrez gain, Balenciagaren biografia, kultura eta lan testuinguruak ere aztertuko dituzte. Online egingo dute doako biltzarra, baina aurrez izena eman beharko da. Informazio gehiago jasotzeko, info@fbalenciaga.com helbide elektronikora idatzi beharko da edo 943-00 47 77 telefono zenbakira deitu.

Zumaia

Zumaian ekitaldi bakarra egingo dute, urriaren 4an. Aurten, Euskal Kostaldeko Geoparkeak 10 urte betetzen ditu, eta urteurrena ospatzeko Zumaian, Deban eta Mutrikun itsas ontzi tradizionalen erakusketa egingo dute. Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatuta, ‘Hiru Anai’ batela berreskuratzeko lanak zuzenean erakutsiko dituzte egunean zehar. Ontziolen, nabigazioen edota itsas gizon eta emakumeen inguruk ibilbide gidatuak eskainiko dituzte haurrentzat eta helduentzat. Ontzi tradizional baten errekan gora nabigatzeko aukera emango dute, angulen arrantzaren berri emanez eta arrain pintxo bat parrillan janez. Urriaren 4an, Zumaian izango da itsas ontzi tradizionalak ikusteko aukera. Informazio gehiago jasotzeko, deitu 943-19 28 29 telefonora edota idatzi geogarapen@geogarapen.com helbidera.