Estropada txukuna osatu du Enbatak Kontxako bigarren jardunaldian

Enbata Kontxako badian. (Arnaitz Rubio)

Zortzigarren egin badute ere, oso indartsu aritu den Hondarribiagandik 45 segundora geratu dira zarauztarrak. Gaurtik aurrera, play offean finkatuko dute begirada Gari Urangaren mutilek.

Aurreko igandean bezala, zortzigarren postuan sailkatu da Zarauzko Enbata Kontxako estropadan. Sailkapen nagusian ere zortzigarren geratu dira, baina gaurko jardunaldian egin duten denbora lehen estropadakoa baino hobea izan da: 45 segundo atera dizkie Hondarribia txapeldunak. Urdaibairen eta Donostiarraren artean lehia bizia izan da Kontxako banderako bigarren jardunaldiko lehen txandan; azkenean, Urdaibai bost segundo lehenago iritsi da. Zarautz-Babyauto lehen luzetik laugarren postuan joan da, baina beren mailan, estropada txukuna osatu dute zarauztarrek. 

Hondarribia nagusi

Bei emakumezkoen lehian bai gizonezkoenean, erakustaldia emanda nagusitu dira garaileak: Orio lehenengo eta Hondarribia ondoren. Ama Guadalupekoak aukera handiak zituen Kontxako Bandera irabazteko, baina horretarako gaur lan ona egin behar zuten, eta ez dute hutsik egin. Estropada dotorea osatu dute, eta Zierbenakoek borroka egin badute ere, bigarren postuarekin konformatu behar izan dute.

Lehen txandako denborak:

1. Urdaibai (19:52.70)
2. Donostiarra (19:58.18)
3. Cabo da Cruz (20:00.36)
4. Zarautz Arraun Elkartea (20:25.12)

Kontxako 125. bandera, sailkapena:

  1. Hondarribia 39:26.42
  2. Zierbena 39:39.74 (+13.22)
  3. Santurtzi 40:02.40 (+35.88)
  4. Orio 40:02.66 (+36.14)
  5. Bermeo Urdaibai 40:09.70 (+43.18)
  6. Donostiarra 40:16.48 (+49.96)
  7. Cabo da Cruz 40:38.66 (+1:12.14)
  8. Zarautz 41:22.66 (+1:56.14)

Burua 'play off'ean

Sari ederra izan da Kontxako Banderan lehiatu ahal izatea Zarautz-Babyautorentzat, baina gaur gaurkoz burua Bermeon eta Portugaleten dute zarauztarrek. Datorren larunbatean eta igandean erabakiko da hurrengo arraun denboraldian zein ligatan lehiatuko den Enbata, eta gogor borrokatu beharko dute mutilek iaz Eusko Label ligan lortutako postua mantentzeko. Aurkari izango dituzte KAE 1 ligako Pedreña eta San Pedro, eta Galiziako Tiran eta Meira.