Joseph Beuys artistari eskainiko diote hurrengo Gela saioa

Joseph Beuysen lan bat. (Proyecto Idis)

Artista alemaniarrak "elementu mitologiko, filosofiko, mediko eta erlijiosoak" barne hartu zituen bere artelanetan, baita medikuntzari egindako erreferentziak ere. Ostiralean izango da saioa, Photomuseumen.

Ostiral honetan, irailak 18, egingo dute hurrengo Gela saioa Zarauzko Photomuseumen. Oraingoan, Joseph Beuys (1921-1986) artista alemaniarra izango da protagonista. Fluxus taldeko kide izan zen Beuys, eta hamaika teknika landu zituen; besteak beste, bideoa, performancea, happeninga edota eskultura.

Düsseldorfeko Kunstakademian egin zituen zizelkaritza ikasketak, eta irakasle lanetan ere aritu zen 1961etik 1972ra bitartean. Gela programaren arduradunek azaldu dutenez, "70eko eta 80ko hamarkadetan, mundu osoan zehar egin zituen jarduerak" alemaniarrak. Gantza eta feltroa erabiltzen zituen maiz, eta besteak beste, Veneziako Bienalean, New Yorkeko Guggenheim Museumean edota Tokioko Seibu Museum of Arten izan zituzten ikusgai bere artelanak.

"Beuysek elementu mitologiko, filosofiko, mediko eta erlijiosoak hartu zituen gizarte gizatiarragoa sortzeko asmoz", diote saioaren antolatzaileek. Bestalde, bitxikeria modura, bere hainbat lanek medikuntzari egindako erreferentziak ere jasotzen dituztela azpimarratu dute.

Hori eta Beuysen ekoizpenari lotutako askoz elementu gehiago ezagutzeko aukera izango da Photomuseumen, hurrengo ostiralean. 18:00etan hasiko da saioa, eta doakoa izango da.