Berezia ari da izaten aurtengo uda, baina are bereziagoa izango da udaren amaiera Salbiden: hurrengo asteburuan, auzoko festak ospatuko dituzte lehenengo aldiz. Hala, irailaren 18tik 19ra bitartean, musika eta jolasa izango dira nagusi Salbideko bizilagunentzat.
Urte hasieran sortu zuten Salbide Auzoko Elkartea, eta "gogotsu" ekin zioten irailerako jaiak antolatzeari. "Udaberriarekin batera, ordea, pandemiak gogor jo gintuen eta itxialdia eramangarriago egiten ahalegindu ginen", diote. "Auzokideen arteko harremanak sortzeko edo indartzeko urratsak eman" zituzten konfinamendu garaian, eta horren erakusle dira orain ospatzear diren jaiak nahiz auzokide ugari biltzen dituen Whatsapp taldea.
Ekainean hasi zituzten beroketa lanak, eta 2.500 banderatxo jarri zituzten Salbiden auzokideek. Jaietarako auzoa apaintzea zen asmoa. Elkarteko kideek azaldu dutenez, "birusa gure artean dela ikusita", "egitarau zeharo xumea" prestatzearen aldeko apustua egin dute aurten. Dena den, nabarmendu dute "auzokoen arteko harremanak sendotzeko eta Salbideko sentimendua indartzeko aprobetxatu nahi" dutela asteburua.
Abesti bat ere sortu dute festen aitzakiapean, eta entzungai dago jada. Aurki aurkeztuko dute bideoklipa, eta ZARAUZKO HITZAn nahiz Erlo Telebistan ikusi ahalko da.
Egitaraua
Irailak 18, ostirala
- 17:00. Itxaferoak
- 17:30. Itturriren eta abestiaren aurkezpena Erlo Telebistan eta ZARAUZKO HITZAn
- 18:00. Irratsaioa edo musika gramolatik
- 20:00. Topa! (Unblenble) eta DJ Davila
Irailak 19, larunbata
- 09:00. Diana Goizeko Ihintza txistulariekin
- 10:00. Mura margoketa II3ren eskutik
- 11:00. Irratsaioa Arraio Irratiarekin: elkarrizketak, goizean gertatzen denaren kontaketa...
- 13:00. Haurren marrazki erakusketa. 11:00etatik aurrera jasoko dira marrazkiak
- 17:00. Irratsaioa Salbideko batzordearekin
- 18:30. Salbideko bingoa
- 20:00. Topa! (Unblenble) eta DJ Davila
Hainbat ohar eman dituzte elkarteko kideek. Batetik, jakinarazi dute segurtasun-neurriak mantenduko direla asteburu horretan, eta "musukoak janztera, arduraz jokatzera eta ondo pasatzera" dei egin dute. Balkoiak apaintzeko gonbita ere luzatu dute, eta jakinarazi dute lepoko zapiak salgai egongo direla hilaren 18tik 19ra bitartean, auzoko frontoien inguruan.
Bestetik, azaldu dutenez, bingoan parte hartzeko asmoa duten lagunek "Salbide Auzoa" izeneko Whatsapp taldean egon beharko dute. Modu horretan, bingo saioa hasi aurretik, zein kartoiekin arituko den adierazi beharko du taldetik parte-hartzaile bakoitzak.