Zarautzen zortzi kasu positibo zenbatu dituzte azkeneko PCR probetan

Andoni Elduaien 2020ko ira. 16a, 15:01

Gora egin dute PCR probetan atzemandako kasu positiboek eskualdean. Zarautzen, Azkoitian, Azpeitian, Orion eta Zestoan zenbatu ditu Osasun Sailak positibo berriak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 459 kasu berri hauteman dituzte.

Osakidetzak emandako datuen arabera, atzo, asteartea, gora egin zuen kasu positiboen kopuruak eskualdean. Herenegun sei kasu zenbatu zituen Osasun Sailak, baina atzo 11 pertsona gehiagok eman dute positibo PCR probetan: hamazazpi guztira. Zortzi kasu zenbatu dituzte Zarautzen, lau Azkoitian, hiru Azpeitian eta bana Orion eta Zestoan. Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan.

Gora egin dute datuek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina PCR proba gehiago egin zituzten. 459 izan ziren atzo hiru lurralde horietan hautemandako kasuak —Bizkaian 237, Gipuzkoan 166, Araban 46, eta hiru lurralde horietatik kanpo bizi direnen kasuan, hamar—. Atzo, guztira, 9.764 PCR proba egin zituen Osasun Sailak, herenegun baino 3.043 gehiago. Osasun Sailaren datuen arabera, COVID-19ak eraginda 46 pertsona hil dira irailaren 7tik 13ra bitartean. Ospitaleratzeei dagokionez, egun 315 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; atzo, 42 lagun gehiago ospitaleratu zituzten. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIUn), berriz, gaur-gaurkoz 56 pertsona daude. R0 indizea, azkenik, 0,86an kokatu da atzoko datuekin; uztailaren hasieratik gaur arteko daturik baxuena da hori.

Nafarroan, berriz, 294 kasu positibo atzeman ditu Osasunbideak atzo egindako 2.851 PCR probetan. Atzo, hemeretzi lagun ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietako bat larri, ZIUn. Egun, 143 pertsona daude lurraldean ospitaleratuta, horietatik 11 ZIUn; eta beste hemezortzi etxean, ospitaleekin harremanetan.