Egoera nahasian, festa faltarik ez

Mireia Galarza 2020ko ira. 17a, 11:03
Auzoko umeak maskota berriarekin. (Gorka Eizagirre)

Aurten ospatuko dituzte lehen aldiz festak Salbide auzoan. Konfinamendua baino lehenago sortu zen ideia, baina ezohiko egoerak festen planteamendua aldatu du. Ikusi egitaraua hemen.

Badira urte batzuk Zarauzko Salbide auzoko kuadrilla bat bazkaria eta gaztain jana gisako ekintzak antolatzen hasi zenetik. Hala ere, aurten, koronabirusak eragindako ezohiko egorari aurre egiteko asmoz, ideia berri baten bueltan antolatu nahi izan dituzte auzoko festak. Kolore biziek osatutako zapiekin apaindu dute auzoa, guztiak herritarrek eginak, eta horrez gainera, abestia eta Itturri izeneko panpina ere sortu dituzte.

Oihan Odriozola antolatzaileak azaldu duenez, auzoan nabaritzen zuten «lanerako gogoa», eta jakin gabe inor azalduko zen edo ez, urtarrilean egin zituzten lehen bilerak, hain zuzen ere, «auzo elkarteari forma ematen hasteko asmoz». Fermin Aldalur batzarkideak adierazi duenez, «arrakasta» izan zuen lehen bilera hark, 30 pertsona inguru azaldu baitziren. Hainbat eta hainbat elkarrizketa luze izan ondoren, festak iraileko hirugarren asteburuan ospatzea erabaki zuten guztien artean; Aldalurrek dioenez, «ekintza eder eta oparoz osatuta». Ana Mujika da beste antolatzaileetako bat, eta haren arabera, koronabirusaren eraginak bileren etena ekarri zuen gero, baina konfinamendua amaitu eta berriro elkartzen hasi zirenean, jendeak «gogoa» erakutsi zuen asteburu horretan ekintzak antolatzeko.

Izan ere, Estibaliz Unzueta antolakuntzako beste kide baten esanetan, konfinamendua garai «aproposa» izan zen auzoko giroa hobetzeko eta elkar ezagutzeko, eta horrek lagundu du iraileko festak osatzen. Gainera, asteburuko festak konfinamenduan erabiltzen zuten antzeko sistemarekin ospatuko dituztela jakinarazi du Unzuetak.

Hark dioenez, auzoan zehar bozgorailuak egongo dira musika entzuteko eta auzotarrek hitz egiteko. Umeek, gainera, margotzeko aukera izango dute, eta ondoren jarriko dituzte marrazki horiek zuhaitzetan jarritako soketan. Gainera Piru, Garazi Aranguren eta Goretti Aranburuk mural bat margotuko dute auzoko festen inguruan, eta ikusgai egongo da ondoren. Egitarau «xumea» aurreikusi dute urte honetan, baina festa batzordekoek azaldu dutenez, asmoa «etxeetatik disfrutatzea eta hurrengo urterako indarrak hartzea» ere bada. 

Abesti eta guzti

Egitarau xumea izan arren, hainbat elementu bereizgarri izango dituzte Salbideko festek. Festa garrantzitsuenen pare, abesti propioa izango dute aurrerantzean (hemen dago entzungai abestia).

Aitor Amilibia izan da musika sortzearen arduraduna, eta Iratz Urkizuk jarri dio abestiari ahotsa  ondoren. Amilibiak kontatu duenez, antolakuntzako kide batek eman zion etxean sortutako ideia bat, oinarri moduko bat, melodia eta guzti. Behin hori edukita, etxean gitarra hartu eta buruari bueltaka hasi zen. Gitarra grabatu ostean, bateria grabatu zuen Ander Zulaika lagunarekin batera, eta abestiari hainbat aldaketa eginda, azkenean, emaitzarekin «gustura» geratu direla diote.

Abestia gutxi ez, eta bideoklipa ere sortu dute. Haritz Eizagirreren ardura izan da hori, eta hark dioenez, abestia «hain dotorea» izanda, ahalik eta bideoklip txukunena egiten saiatu da bera ere. Eizagirre auzoaren historia kontatzen saiatu da bertan, eta, horretarako, irudiak nahiz bideo zatiak txertatzeaz gain, hainbat marrazki ere gehitu ditu. Eizagirrek, gainera, ondo ezagutzen du Salbide auzoa, garai bateko Salbide baserriko familiaren ondorengoetakoa baita. Bideoklipa Erlo Telebistan eta Zarauzkohitza.eusen egongo da ikusgai ostiral arratsaldetik aurrera.

'Itturri' lagun

Bestalde, Itturri izeneko maskota izango da auzoko festen irudi aurrerantzean. Antolakuntzako beste kideetako bat ibili da maskota hori sortzen: Iñigo Arrillaga, zehazki. Hark dioenez, maskotak iturri baten forma eduki behar zuela erabakitzea «ez da oso zaila» izan; izan ere, badago aspalditik iturri bat Salbiden kokatuta, antzina jendeak ura biltzeko erabiltzen zuena, eta erreferentzia zuzena egin nahi izan diote horri. Erreferentzia egin nahi izan diote, aldi berean, auzoko plazatxoan kokatuta dagoen ping-pongeko mahaiari, konfinamendu garaian bertan kokatzen baitzituzten bingo saioetako irabazleen sariak. Hori dela eta, eskuineko eskuan ping-pongeko pala ezarri diote maskota berriari.  Zalantzarik gabe, egongo da zertaz gozatua datorren asteburuan Salbiden, eta badirudi konfinamenduak sortutako auzo sentimendu horrek, auzoko abesti berriak dioen moduan, etorkizunari bidea marrazteko balioko duela.