"Azken hilabetean bigarren aldiz, COVID-19an positibo eman du gure taldeko kide batek. Abuztuaren 3an ekin genien entrenamenduei, eta Zilarrezko Mailan hasteko hamar egun eskas falta direnean, azken asteetako gertaerek sortu dizkiguten arazo eta zalantzak argitara atera nahi ditugu.
Taldean koronabirus kasu bat izateak gutxienez hamar egunez konfinatzera behartzen gaitu guztiok; hogei lagun inguru. Ezartzen dizkiguten eta onartzen ditugun segurtasun neurri guztiak beteta ere (aldagelak ez erabiltzea, materiala ez elkarbanatzea, eta abar luze bat), kutsatutako pertsonaren kontaktu zuzenak gara guztiok. Entrenatzen eta jokatzen jarraitu nahi badugu, ordea, ez dugu beste aukerarik.
Hor hasten dira zalantzak. Espainiako bigarren mailan lehiatzen duen arren, Amenabar Zarautz ez da talde profesionala; jokalari guztiok egiten dugu lan, edo ikasleak gara. Batzuentzat ezinezkoa da horrela ibiltzea, konfinatzeak, besteak beste, lanera ez joatea esan nahi duelako. Bost taldekide inguruk argi utzi dute horrela ezinezko zaiela segitzea. Gainontzekoen artean badira arriskuekin jokatzeko asmoa adierazi dutenak, egoerak guri bakarrik eragiten ez digun arren: senideen eta lankideen pazientzia ez da mugagabea. Gu konfinatzearen ondoriorik leunena da ezin entrenatu ahal izatea.
Azken finean, eta ordu eta konpromiso asko eskatzen digun arren, eskubaloia afizio bat da guretzat, ez digu jatekorik ematen. Ez hori bakarrik: lehiaketari begira, zein kondiziotan lehiatu behar dugu? Hamar egun igaro genituen etxean; irten ginen, eta astebete entrenatzen pasa eta gero, hemen gaude berriz, lau hormen artean itxita. Irailaren 26an, Zamoran, zein osasun bermerekin jokatu behar dugu?
Galdera batzuk ere sortu zaizkigu. RFEBM Espainiako Eskubaloi Federazioak ez digu gure ongizatea bermatzeko beharrezkoa den protokolorik jarri, ezta probak egiteko baliabiderik ere. Akaso, gu gara halako egoera batean dagoen talde bakarra? Edo gu gara positiboak onartzen dituen bakarra? Posible da egoera honetan epe luzeko lehiaketa bat lehiatzea? Guri bakarrik egiten zaigu ezinezkoa?
Une honetan jokalarion konpromisoaren araberakoa da taldearen etorkizuna. Beraz, eta egoerari konponbide zehatzik ezartzen ez zaion bitartean, kinka larrian datgo taldearen etorkizuna, eta, ondorioz, gure parte hartzea Zilarrezko Ohorezko Mailan".