Mailari eusteko paladak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 18a, 09:30
Ekaitz Portularrume eta Joanes Elizondo aurrenekoz aritu dira aurten Eusko Label Ligan. (Dorleta Agiriano Lai)

Enbatako arraunlarientzat ez da amaitu denboraldia: hil ala biziko estropadak jokatuko dituzte asteburuan, eta dena emango dute iaz maila gorenean lortutako plaza mantentzeko.

Kontxan esna amestu ostean, asteburu honi begira jarri ziren Zarauzko arraunlariak, gogo betez: bihar eta igandean jokatuko dute play offa, Bizkaian. Guztiek jomuga bat eta bakarra izan arren, puntu aski desberdinetatik partituta jarriko dira parez pare bost ontzi. Enbataren kasuan, aurreko urtean ez bezala, lehenengo mailari eusteko azken guda izango da play off hau.

KAE 1 ligan goranzko bidea hartuta, mailaz igotzea lortu zuen iaz Zarautzek, eta hamar urteren ondoren, Eusko Label Ligan aritu da aurten. Hamabi ontzi onenen artean lehiatu eta hamaikagarren postua erdietsi du, puntuei dagokienez, aurreko postuetan geratu direnengandik oso hurbil egon arren. Dena den, ez du lortu play offa saihestea, eta asteburuan neurtu beharko ditu indarrak KAE 1 ligako Pedreñarekin eta San Pedrorekin, eta Galiziako Tiranekin eta Samertolameuekin. Sari berdinaren bila doaz guztiak: Eusko Labelen esleitzeke dauden bi plazetako bat eskuratzea.

Orain, azken txanpan daudela, Ekaitz Portularrume Enbatako arraunlariak dio "helburu garrantzitsuena" betetzea lortu dutela aurten: "Azken postua ekiditea". "Orain, maila defendatzera joango gara play offera, beste urtebetez, behintzat, onenen artean aritzeko", gaineratu du. "Hasieratik genekien sekulako maila egongo zela eta borroka egin beharko genuela".

Goi-mailan lehenengoz

Portularrumek azaldu du "ilusio handiarekin" ekin ziotela denboraldiari: "Oso denboraldi berezia genuen aurretik. Maila gorenean jokatzen genuen lehenengo aldia zen askorentzat". 20 urtetik gertu dauden arraunlari mordoxka dira Zarauzko taldean, eta horixe da Portularrumeren eta Elizondoren kasua.

"Niretzat oso berezia zen Eusko Labelen aritzea. Ordura arte telebistan ikusten nituen Kantauriar itsasoko arraunlaririk eta talderik onenak, eta haiekin lehiatzea amets bat zen", adierazi du Portularrumek. Bi arraunlari gazteek gogora ekarri dute denboraldiaren hasiera, ziurgabetasuna nabarmena zela oroitzen baitute. Pandemiak eragindako egoera zela eta, ezin izan zituzten aurredenboraldiko estropadak jokatu: "Bagenekien gutxi gorabehera zein maila eman genezakeen, baina ez zehazki", dio Elizondok. A Coruñan izan zen aurreneko jardunaldia, aurkari guztiek elkarri neurria hartzen hasteko balio izan zuena. "Asteburu hartan ikusi genuen bagenuela zer hobetu, baina ez geundela gainontzeko ontziengandik urrun", hausnartu du Elizondok. 

"Arrazoi desberdinen" emaitza modura, agian denboraldia "ahul samar" hasi zutela eta puntuek ihes egin zietela ondorioztatu du. "Udak aurrera egin ahala", ordea, "aurrerapauso nabarmenak eman" dituztelakoan dago: "Denboraldi polita izan da azkenean". Horrekin bat egin du Portularrumek: "Nire ustez abuztuan hasi ginen guregan konfiantza gehiago izaten, eta behetik gora etorri gara". "Gustura egoteko moduko lana egin dugu uda honetan", azpimarratu du Elizondok.

Bizkaiko urak zain

Bihar, irailak 19, Bermeon izango da play offeko lehenengo estropada. Zarautz Arraun Elkarteak jakinarazi duenez, 18:45ak aldera hasiko dira, hurrenkera honetan: Tiran, Samertolameu, Pedreña, San Pedro eta Zarautz. Igandean, aldiz, Portugaleten jokatuko dute.

Pedreñak eta San Pedrok "oso indartsu" daudela erakutsi dute, Portularrumek ohartarazi duenez. Galiziatik datozen bi taldeak agian ez dituztela hainbeste ezagutzen dio, baina argi du "oso maila altua" emango dutela, urtero bezala. "Konfiantzarekin goaz play offera, baina gehiegi konfiatu gabe". "Gure lana egin eta asmatzen badugu, gainontzeko taldeek garesti izango dute goi-mailara igotzea", aurreikusi du Elizondok.