Eguerdira arte ateri iraun du, eta goizeko lehen orduak ederki aprobetxatu dituzte Salbide auzoan jai giroko ekitaldi xume batzuk egiteko. Hala, Garazi, Goretti eta Haritz 10:00etan hasi dira jolas parke ondoko horma batean mural koloretsu bat margotzen, Salbide auzoa bera eta auzo horren saretzea gaitzat hartuta. Noizko amaitzea aurreikusten duten galdetuta, "euria hasi aurretik" erantzun dute, umoretsu.
Bien bitartean, plaza horretan bertan Arraio irratiko lagunak zuzeneko emanaldia eskaintzen aritu dira, festa giroa jarriz.
Umeek, berriz, beren margolanak eskegi dituzte egin ahala, eta hainbat auzotar ikusi da lepoan zapi arrosa jarrita. Balkoiak ere koloretsu esnatu dira, baita faroletik farolerako tarteak ere.
Amaitzeko, musika eta topa
Atzo arratsaldean hasi zuten festa, eta gaur arratsaldeko hitzorduekin amaituko da lehendabiziko ospakizuna. 17:00etan irratsaioa egingo du Arraiok Salbideko batzordearekin; 18:30ean bingoa egongo da; eta 20:00etan, atzo bezala, topa egingo dute, eta ondoren musikaren txanda etorriko da, gaurkoan ere DJ Davilaren eskutik.
BIDEOA. Salbideko abestiaren bideoklipa.