"Aukera asko ditugu mailari eusteko, baina ezin dugu hutsik egin gaur"

Onintza Lete Arrieta 2020ko ira. 20a, 09:17
Joanes Elizondo (Dorleta Agiriano Lai)

Joanes Elizondo arraunlaria pozik zen atzo Bermeoko play-offean egindako lanarekin eta lortutako emaitzarekin, bigarrenak izan baitziren ia-ia berdinduta Tiran garailearekin. Gaur eguerdian dute estropada erabakigarria, eta argi du beren esku dagoela datorren denboraldian Eusko Label ligan jarraitzea.

Sekulako lehia ikusi zen atzo Bermeon, Eusko Label ligako play-offean parte hartzen ari diren bost traineruen artean. Zarautz ibili zen aurretik une askotan, baina ehuneneko batzuengatik Tiranek hartu zion aurre azkenean. Dena den, puntu garrantzitsuak eskuratu zituen Zarautzek–lau puntu bostetik– gaur Portugaleten eguerdian jokatuko den bigarren eta azken estropadari begira. Izan ere, bi talde onenak ibiliko dira datorren denboraldian ere Eusko Label ligan.

Bermeotik bueltan, emaitzarekin pozik ziren zarauztarrak atzo. Hala adierazi zion Joanes Elizondo arraunlariak ZARAUZKO HITZAri: "Gure esku dago Eusko Labelen jarraitzea, Portugaleten gure lana ondo egiten badugu. Aukera asko ditugu mailari eusteko, baina ezin da hutsik egin".

"Aurreneko ziabogan bost segundoko aldea atera dugu, baina bigarren luzean ikusi dugu tartea estutzen ari zela, eta ziabogara iristerako parean ginen. Ikusi dugu kanporantz hobeto moldatu garela, eta lortu dugu hirugarrenarekiko tartea handitzea, baina baita ere bagenekien estutu beharra zegoela emaitza ona lortzeko, eta estropada amaitu dugunean artean ez genekien atzetik ala aurretik ginen. Besteak iritsi ahala ikusi da bost ontziak lau-bost segundoren barruan sartu garela. Emaitza ona da bigarren estropadari begira, gerta zitekeelako azken gelditzea ere".

Itsaso zabaletik itsasadarreko babesera

Atzoko estropadak eta gaurkoak ez dute zerikusirik izango baldintzei dagokienez. Izan ere, itsaso zabalean aritu ziren atzo. Gaur, berriz, "itsasadarraren babesean" egingo dute arraun, eta "haizeak ez du apenas eragingo".

"Errekan eta eguraldi onarekin, potentzia handiko taldeentzat da mesede, eta gu ez gara potentzia handikoak, baina tira. Iaz ere egoera honetan geunden, eta estropada borobila atera zitzaigun. Beraz, ea iazkoa errepikatzea lortzen dugun oraingoan. Prest egon behar dugu aurretik edo atzetik ibiltzeko, eta hala ere dena emateko".