Aurtengo Gudari Egunean ere ekitaldia izango da Zarauzko hilerrian

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 22a, 11:13

Igandean, "borrokalari antifaxisten eta erregimen frankistaren biktimen omenez" elkartuko dira hilerrian. Besteak beste, Juan Paredes Manot 'Txiki' zarauztarra eta Angel Otaegi azpeitiarra izango dituzte gogoan.

Datorren igandean, irailak 27, izango da aurtengo Gudari Eguna. Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatuta, oraingoan ere oroimen ekitaldia egingo dute Zarauzko hilerrian, 12:00etan hasita. "Borrokalari antifaxisten eta erregimen frankistaren biktimen omenezko" ekitaldia izango da; hain zuzen, ETAko kide Juan Paredes Manot Txiki zarauztarra eta Angel Otaegi Etxeberria azpeitiarra, eta FRAPeko kide Ramon Garcia Sanz, Jose Luis Sanchez-Bravo eta Jose Humberto Baena oroituko dituzte.

1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten bostak, eta frankismoan betearazi zituzten azken heriotza-zigorrak izan ziren.