Euskaraldia 2020

Edizio berezia, berrikuntzekin

Ezkerretik eskuinera, Eider Gurrutxaga, Alazne Aizpurua eta BeƱat Intxauspe. (Mireia Galarza)

Igande honetan, irailaren 27a, amaituko da Euskaraldian taldean ‘arigune’ moduan parte hartzeko aukera. Jada 100 entitatek baino gehiagok eman dute izena bertan.

Badator pixkanaka aurtengo Euskaraldia. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte egingo dute aurten ariketa soziala Euskal Herri osoko herrietan, eta hori horrela, tokian tokiko Euskaraldiko taldeak osatzen dituzten herritarrak ari dira bestelako eragileei bertan parte hartzeko aukera eskaintzen.

Alazne Aizpurua Zarauzko Euskaraldiko koordinatzaileak azaldu duenez, ekimenaren helburua mantendu egingo da, hots, "euskararen erabilera areagotzea". Aizpuruak gaineratu du bi aste horietan egingo den ariketak "konpromisozko jarrera" eskatzen duela, eta ez dela, beraz, "gaitasun kontua" izango, euskaraz hobeto nork hitz egiten duen ikusteko. 

Aurten ere ahobizi eta belarriprest moduan bakarka parte hartzeko aukera izango bada ere, bada berrikuntzarik. Hain zuzen ere, aurten taldean parte hartzeko aukera ere izango dute herriko talde desberdinek arigune izeneko figuraren bitartez, eta hilaren 27a izango da talde bezala izena emateko azken eguna. 

Eider Gurrutxaga Zarauzko Euskaraldiko batzordekideak azaldu duenez, aurreko urteko Euskaraldiak garbi utzi zuen modu kolektiboan "errazago" egiten ditugula ariketak, gehienbat "gertuko taldeetan". Izan ere, Gurrutxagaren iritziz, "hizkuntza ohiturak bakarrik aldatzea zailagoa izan daiteke eremu konkretu batzuetan". 

Horregatik, aurten euskaraz lasai hitz egiteko aukera erraztuko duten taldeak gehituko dituzte, esan bezala, ariguneak, eta ziurtatuta egongo da bertan euskaraz hitz egiteko aukera. 

Herrian bertan

Beñat Intxauspe Zarauzko Euskaraldiko batzordekideak dioenez, ahalik eta gehien erraztu nahi diete herritarrei ekimenean parte hartzea. Horretarako, gehienbat "bi ildo nagusi" landuko dituztela dio zarauztarrak.

Lehenik eta behin, kultura arloko hainbat ekitaldi xume antolatuko dituzte, hala nola bakarrizketak eta bertso saioak, "euskarak ere kulturalki presentzia izan dezan", dio Intxauspek. Bigarrenik, herritarrengana saiatuko dira hurbiltzen, egitasmoan izena eman dezaten. Hori dela eta, Intxauspek herritarrak gonbidatu nahi ditu egitasmoan parte hartzera eta kaxoietan utzitako txapak atera eta horiek Euskaraldian erabiltzera. 

Dena dela, etxean aurkitzen ez dituztenek edo pasa den edizioan galdu zituztenek berriro ere txapal lortzeko aukera izango dutela dio Zarauzko batzordekideak.

Oztopoak bidean

Beste hainbat eremutan bezala, Euskaraldia antolatzeko orduan ere oztopoak aurkitu dituzte antolatzaileek koronabirusaren eraginez. Alazne Aizpuruak dioenez, "gaia gizarteratzeko orduan" izan dituzte arazo gehien.

Izan ere, azaldu duenez, orain arte ezin izan dituzte aurreko edizioan egin zituzten kale ekitaldiak egin, eta azaroa amaiera bitartean ere zaila ikusten dute horretarako aukera izatea. Gainera, Aizpuruak adierazi duenez, aurreko urtean Euskaraldiko denda bat ere bazeukaten jendeak izena eman eta Euskaraldiko produktuak bertan eros zitzan, baina aurten, pandemiaren ondorioz, ezin izan dute izena emateko lekurik jarri kalean, horretarako uda "garai aproposa" dela badakiten arren.

Bestalde, enpresa mailako parte hartzaileengana iristeko zailtasunak ere izan dituztela dio Aizpuruak. Aitortu du "bizi ditugun garaiotan nahikoa buruhauste dituztela langileek beren lanpostuetan. Azken finean, lehentasun kontua da Euskaraldia, eta ezjakintasunetik abiatuta, badakigu momentu honetan bestelako lehentasunak dituztela enpresek eta familiek".

Hori dela eta, Euskaralia egokitu behar bada moldatuko dutela azaldu du, baina egin gabe ez dela geratuko dio Zarauzko Euskaraldiko koordinatzaileak. Dena dela, jada 100 taldek baino gehiagok eman dute izena ekimenean, eta "hamabostaldia hasteko gogotsu" daude antolatzaileak.