Zortzi jokalarik eman dute positibo Amenabar eta Aiala eskubaloi taldeetan

Julen Aizpitarte entrenatzailea partida batean; atzean, hainbat jokalari atseden hartzen. (Luis Epelde)

Itxialdian daude bi taldeak oso-osorik, eta "babesgabe" sentitzen direla salatu dute, protokolo bateraturik ez dagoelako.

Amenabar eta Aiala eskubaloi taldeetan lehen positiboak atera zirenetik daude itxialdian bi taldeetako kide guztiak, eta harrezkero beste sei jokalarik eman dute positibo. Beraien egoera ez da aldatu, eta duela astebete ateratako komunikatuan plazaratu zituzten aldarrikapenei eutsi nahi diete bi taldeek. Julen Aizpitarte Aiala taldeko entrenatzaileak azaldu du protokolo bateratu baten falta sumatzen dutela eta horren harira atera zutela testua. "Bagenekien lehenak positibo eman zuen unetik beste batzuk ere hala emango zutela. Berdin jarraitzen dugu". 

Gaur dira Zarautz Kirol Elkarteko zuzendaritzarekin biltzekoak jokalariak, egoerari irtenbideren bat topatzeko. "Guk uste dugu segurtasuna bermatu ahal izateko asko falta dela oraindik. Ezin dugu ibili baja hartzen hilean bi aldiz", jakitera eman du Aizpitartek. PCR proba gehiago eta proba serologikoak antigorputzak garatuta dauden jakiteko eskatzen dituzte, besteak beste. "Protokolo bateratu batek berma dezala segurtasun gutxiengoa", gaineratu du entrenatzaileak. "Ikusten dugu profesionaletan eta beste herrialde batzuetan, esaterako, positibo eman duena bakarrik konfinatzen dutela, eta ez talde guztia. Hortik tiraka egin daiteke zerbait, nahiz eta badakigun oso zaila dela". 

Segurtasunik ezean, ez jolastuta hobe

Seguru jolastu ahal izateko, ziurtatuta izan behar dute jokalariek birusik ez dagoela ez beraien taldean, ezta aurkarienean ere. Oraindik lehiatzen ez dira hasi, baina dagoeneko bi aldiz konfinatu behar izan dute Amenabar taldekoek. Jokalariek garbi dute beste kontrol metodo batzuk bilatu beharra dagoela, hainbatek ezin baitio maiztasun horrekin lanera joateari utzi, eta ez daude baldintza horietan jarraitzeko prest.

Elkarteak eta udalak erantzun diete jokalariei. Azken horrek aurreratu die Lizardiko eskubaloi kantxa berrian entrenatzeko moduan izango direla laster, eta eskertzen dute jokalariek ahalegin hori. Eskubaloi federazioek (Espainia, Euskadi eta Gipuzkoakoak), aldiz, ez diete erantzunik eman oraingoz. Amenaberrek eta Aialak bigarren mailan jokatzen dute; Espainiako eskubaloi federazioa arduratzen da liga horietaz, baina, Zarauzko eskubaloi jokalari gehien-gehienak Euskadiko eta Gipuzkoako ligetan aritzen dira, eta horiek ere martxan jarri nahi dituzte orain. Aizpitartek azaldu du beheragoko mailetakoak diren horiek "are babesgabeago" daudela, izan ere, elkarte bakoitzak eratu behar izan du bere protokoloa, eta zenbaitek ezin dio aurre egin horrelako gastuari. "Ezin bada segurtasuna bermatu, uste dugu ez dela jolastu behar. Agian denbora gehiago behar dugu lehiatzen hasi aurretik", iradoki du Aizpitartek.

.

 

Erlazionatuak

Gutuna: Amenabar eskubaloi taldearen etorkizunaz

Kirola

Denboraldia hasteko egun gutxi falta diren honetan dituzten oztopoen eta kezken inguruan ondoko idazkia plazaratu du Amenabar-Zarautz eskubaloi tal...