Gaur hasi eta ostiralera arte Urtzen film laburraren hiru saio eskainiko dituzte Donostiako hainbat zinematan Zinemaldia jaialdi ezagunaren barruan. Dagoeneko, ordea, agortu dira emanaldi guztietarako sarrera denak.
Zer kontatzen du ‘Urtzen’ filmak?
Telmo Esnal: Pelikula egiteko Pablo Azkueren Ur, El Gigante del Mar ipuinetik abiatu naiz. Bertatik hasita, ikerketa lan moduko bat egin dut munduan gertatzen ari denaren eta bizi dugun egoeraren inguruan, eta horri helduta Pablok bere ipuinean kontatu nahi izan digun mezura iristea izan da nire helburua. Itsasoa zer den, zer irudikatzen duen, nola ari garen hori tratatzen, zein abiaduratan bizi garen…
Entsegu zinematografiko moduko bat da, beste hainbat pertsonaz gain, ni neu ere azaltzen naizelako pelikula egiten ari naizen bitartean. Orokorrean, bide bat da itsasora iristeko, bihotzera eta lasaitasunera. Niri lagundu dit, eta iruditzen zait gaia interesatzen zaion beste edozeini ere lagungarri izango zaiola pelikula eta bertako mezua, itsaso zabal horrretan murgildu ahal izateko.
Eta zer kontatzen du ‘Ur, El gigante del mar’ liburuak?
Pablo Azkue: Nire asmoa ez da izan liburuaren bidez azalpenak ematea, irakurleak sentitzeko sortu nuen. Izan ere, buruarekin eta arrazoimenarekin baino itsasoarekin eta sentimenduekin lotutako kontakizun bat da. Oro har, munduan bizi dugun egoerari zentzua ematen saiatu naiz, eta bihotzetik abiatutako irtenbide moduko bat ere planteatzen dut bertan.
Izan ere, nire ustez, buruak sentimenduetatik eta benetan nahi dugun horretatik aldentzen gaitu. Aldiz, bihotzak, ura eta itsasoa bezala irudikatzen dudanak, elkartu egiten gaitu, eta horrek lagundu egiten digu gure bizitzan zehar.
Nola sortu zen bi zarauztarren artean pelikula egiteko ideia?
T. E.: Biok zarauztarrak izanda, aspalditik ezagutzen ginen, baina ez geneukan harremanik, adin desberdinekoak garelako. Dantza filmarekin nebilela, ordea, gogoratzen naiz Donostiako taberna batean nengoela zerbait hartzen, eta Pablo bera hurbildu zitzaidan eserita nengoen tokira. Orduan esan zidan liburu bat idatzi zuela eta gustatuko litzaiokeela nik irakurtzea. Ni orduan Agur Etxebeste! pelikularekin ere banebilen, eta denboraz hartzeko esan nion, horrelako gauzek luze jotzen zutela eta. Liburua irakurri nuenean, pixkanaka-pixkanaka pare bat elkarrizketa egitea erabaki nuen, baina hasieran ez nuen jakin horiekin zer egin. Zorionez, konfinamenduan otu zitzaidan ideia, eta espero ez genuen bezala egin dugu azkenean.
P.A.: Nik sortu nuen guztia Zarauzko herriaren ingurukoa da. Horregatik, niretzat amets baten parekoa zen Telmo bera izatea filmaren zuzendaria, eta azkenean egia bihurtu da. Askotan kanpora begiratzen dugu pentsatzen kanpoan gauza hobeak aurkituko ditugula, eta niretzat oso garrantzitsua izan da hemen inguruan daukaguna baloratu eta horrekin lan egiteko aukera izatea. Oso eskertuta nago Telmok hartu zuen erabakiarekin.
Biok zarauztarrak izanda, pelikulak izango du kutsu zarauztarrik, ezta?
T.E.: Ez biok bakarrik, filmean parte hartu duten gehienak dira zarauztarrak: Iraia Elias, Joseba Etxabe, Jabi Agirre, Ibon Maza, Txarli Argiñano, Manex Saldias, Manex Aranburu, Unai Borda, Xabier Euzkitze, Xabier Alberdi, Josu Gonzalez…
Oso proiektu zarauztarra da, Zarautzen jaiotakoa eta Zarauzko hondartzan grabatutakoa. Bere garaian Pablok pelikula egitea proposatu zidanean, ni ere zarauztarra nintzelako, lantaldeak ere halaxe izan behar zuela erabaki nuen. Egia esan, zinemako oso tekniko onak daude herrian eta zortea dugu zentzu horretan.
Egindakoa ikusita, konfinamendua garai ona izan da zuentzat, orduan.
T.E.: Nire kasuan oso produktiboa izan da, pelikula bat egin baitut. Egia da, sortzaileon kasuan, gure borondatez egiten ditugula konfinamenduaren antzeko prozesuak, beharrezkoa izaten baita ia beti egunerokotasun horretatik aldentzea zerbait sortu ahal izateko.
Kezkatzen duena, ordea, ez da konfinamendua bera, horrek atzetik ekarri duen krisia baizik, baita herritar ororen osasunean eduki dezakeen eragina ere. Krisi egoeretan, kultura izaten da kolpe handiena hartzen duen arloa, baita altxatzen gehien kostatzen zaion sektore nagusienetakoa ere.
Zuek ere kulturgileak zarete.
T.E.: Bai, gu ere hor gaude sartuta, eta kontuan hartu behar da lana dugunean lana dugula, baina ez dugunean ez direla oporrak, eta beti ere ez dugula izaten langabezia kobratzeko aukera, beste edozein langilek izan dezakeen moduan.
Egia da gure kasuan, pelikulari forma ematen ari nintzela Zarauzko Udalera joan eta babesa eskaini zidatela. Guretzat nahiko egoera latza zen, ez baikenekien zer ekarriko zuen etorkizunak. Hala ere, bitxia da gertatu dena. Izan ere, nik ere guztiz gelditu behar izan dut Pabloren ipuinarekin berriro ere elkartu eta konektatzeko. Hain zuzen ere, berak eman nahi duen mezuetako bat delako bizi garen munduan gelditzea beharrezkoa dela nahi dugunarekin elkartzeko; daukaguna konpondu eta berriro hasteko.
P.A.: Horrela da, bai. Pelikularen emaitza ikusita, konfinamenduaren irakurketa positiboa egin daiteke. Agian, konfinamendua izan ez balitz, ez genuen pelikula sortzeko aukerarik izango. Zentzu horretan, eskertuta sentitzen naiz Telmok garai hori pelikula egiteko erabili izanaz.
Nire ustez, etxean egoteak bakarrik egoten laguntzen dizu, eta zure buruarekin egoteak ez du zerbait txarra izan behar. Izan ere, baieztapen hori da nik helarazi nahi izan dudan beste mezu bat. Azkarregi bizi gara, eta behar genuen eduki dugun moduko geldialdi bat, nolabait, mundua konpondu, norbera bere buruarekin elkartu eta aurrera jarraitzeko.
Hala ere, pandemiak ekarri duen egoeraren ondorioz, osteopatia eta masajeak eskaintzen nituen zentroa itxi behar izan nuen, baita ateratzen ditudan argazkiak saltzeko erabiltzen nuen txokoa ere. Ingurura begiratu besterik ez dago, ikusteko zer gertatu den pandemiarekin, eta zein ondorio utzi dituen bai gizartearengan eta bai bizi dugun testuinguruan.
Nire kasuan, dena uztea erabaki nuen, eta ama zaindu nuen. Izan ere, nire ama ere bada itsasoarekin lotzen dudan norbanako bat, eta polita izan da amarekin konfinamenduak iraun duen denbora guzti horretan egotea.