Ondoko iritzi testua plazaratu du Jesus Mari Olaizola 'Txiliku'k Urola Kostako HITZAko 'Puntuka' atalean.

Ez da beti erraza izaten jakitea kontakizun baten atzean zer den egia eta zer gezurra. Batek baino gehiagok uste du, eta halaxe esaten du, gainera, literatura dela egia itxura dotore batekin ezkutatutako gezurrak ondo kontatzen jakitea. Ez dakit hala den, baina onartu behar dut badirela zenbait istorio irakurritakoan halako susmo antzeko bat sortzen digutenak, halako «ez dakit, ba, ez ote den asmatutako zerbait kontatu berri didazun hori».

Hala eta guztiz, kontakizuna ondo atonduta badago, piper eta gatz nahikoarekin, barkabera bihurtzen gara, eta entzundakoa edo irakurritakoa onartzera jo ohi dugu. Batzuetan egia izatea nahiko genuke, gure zalantza guztiak baztertu eta kontatu digutena sinetsi, benetakotzat hartu. Istorio pizgarriak dira, suspergarriak, kontatzearen eta kontatutakoa entzutearen atsegina pizten eta mantentzen dakiten istorioak.

Gaur adibide bat ekarri nahiko nuke hona. Irakurri eta ea arrazoi ematen didazuen.

Duela berrogeita hamaika urte pasatxo, 1969ko uztailaren 20an, Neil Armstrongek eta Buzz Aldrinek oinak ilargiaren gainean jarri zituzten munduan ospetsuenak bihurtu diren oin-arrastoak utziz han.

Beren espedizioaren aurreko hilabeteetan, Apollo 11ko astronautak prestaketak egiten aritu eta ilargira joateko trebatu ziren ilargiaren antza dexente duen Ameriketako Estatu Batuetako mendebaldean den basamortu batean. Lekua jatorrizko amerikarren komunitate batzuen bizitokia zen, indioen erreserba, alegia, eta bada istorio bitxi bat astronauten eta bertako biztanle baten arteko topaketa azaltzen duena, asmatutako istorio izango dena, seguru asko, baina ez horregatik gutxiesgarriagoa. Se non è vero, è ben trovato dio esapide zaharrak, eta halaxe da: ez bada egia, bai ondo ekarria!

Honelaxe da istorioa Xabier Kintanak eta Andoni Sagarnak Yuval Noah Harariren Sapiens. Gizadiaren historia labur bat liburuaren itzulpenetik jasoa (bide batez gomendatzen dizuet liburua, interesgarria da, irakurri behar den horietakoa):

«Egun batez, trebatze-ariketak egiten zituzten bitartean, astronautek jatorrizko amerikar agure bat aurkitu zuten. Gizonak zer egiten zuten han galdetu zien. Erantzunez, esan zioten ikerkuntza-espedizio baten kideak zirela eta oso laster bidaia bat egingo zutela Ilargia esploratzeko. Agureak, hori entzun zuenean, isilune bat egin zuen, eta gero astronautei eskatu zien ea mesede bat egin ahal zioten.

–Zer nahi duzu, ba? –galdetu zioten.
–Hara –esan zuen agureak–, nire tribuko jendeak uste du Ilargian espiritu sakratuak bizi direla, eta neure buruari galdetzen nion, ea zuek haiei garrantzi handiko mezu bat eraman ahalko ote zenieketen, nire herriaren partez.
–Zein da ba mezu hori? –galdetu zioten astronautek.

Gizonak zerbait esan zuen bere tribuko mintzairaz, eta gero astronautei hura behin eta berriz errepika zezatela eskatu zien, buruz ikasi arte. –Eta zer esan nahi du? –galdetu zioten astronautek.
–O! Ezin dizuet esan. Sekretu bat da, gure tribuak eta Ilargiko espirituek ez beste jakin ahal dezaketena.

Beren basera itzuli zirenean, astronautak bila eta bila ibili ziren, tribu horren hizkuntzaz mintzatzen zekien norbait aurkitu arte, eta mezu sekretu hura itzul zezan eskatu zioten. Buruz ikasi zutena errepikatu zutenean, itzultzailea barrezka hasi zen zarata handiz. Lasaitu zenean, astronautek zer esan nahi zuen galdetu zioten. Gizonak azaldu zien buruz hain kontu handiz ikasita zuten esaldiak hau esan nahi zuela:

–Ez ezazue sinets hitz bat ere jende honek esango duenetik. Zuen lurrak lapurtzera etorri dira.

Indiar hark ez zuen ahaztua azal zurbilek beretarrei egin zietena!