Idaztetik bizi ez bada ere, askotariko sorkuntza literarioak argitaratu ditu Leire Bilbaok bere idazle ibilbidean; horietako asko haurrei eta gaztetxoei zuzenduak. Besteak beste, Xabier Zabala musikari zarauztarraren bi diskotako abestiei letrak jarri dizkie. Berriki plazaratu du Etxeko urak helduentzako poesia liburua Susa argitaletxearekin, eta laster hasiko du aurkezpen bira. Gaur abiatuko den Literaturian eskuragarri egongo da ondarrutarraren azken lana, baina ez da horregatik izango jaialdiko protagonistetako bat. Igandean, Literattipia atalean Ateko zirrikitutik ipuin eta poesia kontaketa eskainiko du eta, ondoren, omenaldia egingo diote haurren literaturan egindako ekarpenagatik.
Zer lotura duzu Literaturia jaialdiarekin?
Buruak hutsik egiten ez badit, 2004 edo 2005ean hasi ziren literatura eskolak Larrabetzun, eta ni joaten nintzen, ilusioz beteta gainera. Hasieran herritik sortutako ekitaldiak ziren, literatura sustatzeko eskolak. Handik urte batzuetara, 2009an, egin zen lehenengo Literaturia Larrabetzun, eta ni han izan nintzen. Literaturia, literaturaren uria, Larrabetzun hiria uria delako.
Aurrerago, transmisioa bermatzen jarraitzeko edo, Zarautzera aldatu zuten, eta Zarauzko Literaturian ere izan naiz.
Zer da horrelako letren plaza batean omendua izatea zuretzat?
Omenaldi hitza apur bat handi geratzen da, eta pixka bat segi lanean bat bezala hartu dut nik, esker on bat bezala. Ni, sortzaile gehienak bezala, ez naiz nire sorkuntzatik bizi; kasu honetan, ez naiz idaztetik bizi. Lantoki batean egiten dut lan, eta nire denbora librean idazten dut. Ekitaldi hau izan daiteke animo, aupada edo besarkada bat, eta hori da jaso nezkaeen ederrena.
Aitortza hau da lanak, etxeak, umeek... horiek uzten diguten denbora libre horretan konbentzimenduz, plazerez eta asmo onenarekin egiten dugun horretan jarraitzeko babes edo animoa.
Aurrera jarraitzeko indarra emango dizun babesa?
Bai, lotsagorri puntu handi batekin. Ekitaldi bat egingo dugu igandean, ipuin eta poesia kontakizun bat, eta helburua da gaztetxoei esatea hurbiltzeko literaturaren uri horretara. Zatozte literaturaren kaleetan paseatzera, literaturaz gozatzera. Beti dira politak ospakizunak, eta ni literaturaren ospakizun horren parte sentitzen naiz.
Plazaratu berri duzun azken lana helduentzako poesia liburua da, baina haurrentzako literatura asko egin duzu. Zer zailtasun ditu bakoitzak?
Begirada ezberdina jartzen da umeentzako edo helduentzako idaztean. Umeentzako idazten dugunean barruan daukagun ume hori kalera ateratzen dugu eta beste begirada batekin idazten dugu.
Erraza al da ipuinak kontatzea?
Beno, ni idazlea naiz, eta badira kontalari profesionalak, beraiek sortutakoak edo besteenak kontatzen dituztenak. Nik nire istorioak kontatuko ditut.
Zer aurreratu dezakezu igandean eskainiko duzun ‘Ateko zirrikitutik’ emanaldiaz?
Atea da jaialdiko gaia, eta atearen inguruan jardungo gara. Badaude ate mota asko; ateek balio dute zerbait irekitzeko. Liburu bat izan daiteke ate bat izatetik oso gertu dagoen objektua. Azken finean, liburuak horretarako dira: atean kax-kax jo, tapa zabaldu eta zuzenean mundu berri batera pasatzeko. Horretarako dira ateak, mundu bat eta bestea banatzeko, eta liburuek ere badute ate bat.
Gaur iluntzean hasiko da Literaturia
Gaurtik igandera bitartean kultura izango da protagonista Zarautzen. 20:00etan hasiko da Literaturia Modelo aretoan, Garazi Arrularen manifestuarekin. Ondoren, Metrokoadrokak ‘Modelo baten bizitza sekretua’ antzerkia oholtzaratuko du. Bihar ere Modelon hainbat ekitaldi izango dira eta, egun osoan zehar, liburu aurkezpenak eta liburu azoka egongo dira Lege Zaharren Enparantzan jarritako karpan. Igandean egitarauak jarraituko du bi gune nagusietan (Modelon eta Lege Zaharren Enparantzan), eta Anarik eta Ruper Ordorikak letragintzaren inguruan eskainiko duten mahai inguruarekin itxiko dute jaialdia. Egitaraua eta informazio guztia literaturia.eus webgunean dago eskuragarri.