Aurten ere egingo dute +60 Adinekoen Astea, egitarau bereziarekin

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 26a, 09:00
(Zarauzko Udala)

Adineko pertsonen elikadurari buruzko hitzaldi bat zein 'Erruki istorioak' liburuxkaren aurkezpena izango dira aurten, baita argazki erakusketa berezia ere: 'Leihotik begira itxaron bidean'. Konfinamendu garaian Zarauzko pertsona nagusiek ateratako argazkiekin osatu dute bilduma. Irailaren 30ean emango diote hasiera egitarauari.

Zaindu gaitezen, zaindu ditzagun lema hartuta antolatu dute aurtengo +60 Adinekoen Astea. 60 urtetik gorako bizilagunentzat urteroko hitzordua bihurtu da azkeneko urteetan, eta ohi bezala, urriaren hasierarako prestatu dute egitaraua oraingoan ere.

Dena den, berezia izango da aurtengo +60 Adinekoen Astea: COVID-19aren pandemia eta egun bizi dugun egoera izango dira erdigunean. Irailaren 30ean hasita, urriaren 3ra arte iraungo du egitarauak, eta besteak beste, mina eta maitasuna, adineko pertsonen elikadura eta konfinamendu garaia barne hartuko ditu.

Aurtengo berezitasun nagusia izango da Leihotik begira itxaron bidean erakusketa. Udaberri Jubilatu Elkarteak argazki lehiaketa bat jarri zuen martxan konfinamendu garaian, eta adineko bizilagunek orduan ateratako argazkiak bildu zituen. Urriko aurreneko egunetan izango da irudi horiek ikusteko aukera, Merkatu plazan. Panel bat ere jarriko dute erakusketan, bertaratzen direnek "mezuak, esaldiak, marrazkiak edo argazkiak" ipin ditzaten.

Bestalde, Erruki istorioak liburuxkaren aurkezpenarekin irekiko dute +60 Adinekoen Astea, Zarauzko hainbat lagunek idatzitako istorioak jasotzen dituena.

Hona hemen aurtengo egitaraua, Zarauzko Adinekoen Mahaiaren eta Udal Gizarte Zerbitzuen eskutik:

Egitaraua

  • Irailak 30, 18:30ean. Erruki istorioak liburuaren aurkezpena, Modelo aretoan. Ordubete lehenago jaso beharko dira sarrerak Modeloko txarteldegian.
  • Urriak 1, 18:30ean. Adineko pertsonen elikadura hitzaldia, Antoniano aretoan. Felix Zubia eta Leire Izagirre izango dira hizlariak. Sarrerak Turismo Bulegoan egongo dira eskuragai irailaren 29tik aurrera, eta aforoa mugatua izango da (50 pertsona). Erlo Telebistan eta Zarauzko Udalaren Youtube kanalean zuzenean emango dute saioa.
  • Urriak 1 eta 2, 18:00etatik 20:00etara, eta urriak 3, 11:00etatik 13:00etara. Leihotik begira itxaron bidean argazki erakusketa, Merkatu plazan.